Jangelako janaria etxera, alferrik galdu ez dadin
Altza BHI institutuan Rexcatering egitasmoa jarri dute martxan, jangelan sobratzen den janaria etxera eraman dezaten ikasleek. Dituen onurak direla eta, proiektua legalki erregularizatzeko eskatu dute arduradunek, oraindik ez baitago legez arautua.
Kontu jakina da ikastetxeetako jangeletan janari asko sobratzen dela, eta soberakin horiek alferrik galtzen direla, askotan, ez direlako aprobetxatzen. Bada, arazo horri aurre egiteko, Altza BHI institutuan Rexcatering egitasmoa jarri zuten martxan joan den urrian. Jangelara joaten diren ikasleek, sobratzen zaien janaria ontzietan gorde, eta etxera eramateko aukera izaten dute egunero. Horrela, jangelako janaria ez da alferrik galtzen, eta aukera hau aprobetxatzen duten familiek ere, ongi kontserbatutako elikagai gehiago jateko beta dute.
Diego Tobar da ikastetxe horretako jangelako arduraduna, eta berak azaldu ditu xehetasun guztiak. «Rexcatering fundazio bat da, eta beraiek eramaten dute proiektua gure ikastetxean eta beste hainbat eskoletan. Aurreko urtean, harremanetan jarri ginen Rexcateringekoekin, aurrekontu bat eman ziguten eta guk proiektu bat egin genuen. Ondoren, proiektua Gipuzkoako Foru Aldundiko bi diru laguntza deialditara aurkeztu genuen, eta Donostiako Udalaren beste diru laguntza batzuk ere jaso genituen. Horri esker daukagu martxan proiektu hau», azaldu du Tobarrek.
Proiektua sinplea bezain eraginkorra da. Jangelan janaria zerbitzatu ondoren, ikasleek soberakinak ontziratu egiten dituzte, taldeka. «Jangelan 45 ikasle inguru daude, eta janaria ontziratzeko, hiru edo lau laguneko taldeetan banatuta daude. Aste bakoitzean talde batek ontziratzen du janaria, eta beraz, bi hilabetean behin egokitzen zaio bakoitzari lan hori egitea», zehaztu du jangelako arduradunak.
Jangelan sobratzen diren elikagaiak alferrik ez botatzeaz gain, ikasleak kontzientziatzen laguntzen du Rexcatering proiektuak
Janaria ontzietan gorde ostean, bero zigilatzeko makina batekin ixten dituzte ontziak, eta jarraian, potentzia handiko hozkailu batean gordetzen dituzte, janaria zero eta bost gradu artean mantentzen duena. Hotz mantendu ostean, ikasleek hurrengo egunean eramaten dituzte ontzi horiek etxera. «Tableta batean menuak gordetzen ditugu egunero, eta zenbat anoa berreskuratu ditugun ere jasotzen dugu. Ondoren, etiketak inprimatzen ditugu, eta etiketa bakoitzean jartzen du zein elikagai dauden ontzian, nola mantendu behar den eta noiz iraungitzen den. Normalean, lau eguneko iraungitze data izaten dute, arrautzek izan ezik; horiek, asko jota, egun bat pasatu ostean jan behar direlako», azaldu du Tobarrek.
Onurez beteriko proiektua
Arestian esan bezala, jangelan 45 ikasle inguru badaude ere, jangelako janaria egunero aprobetxatzen duten familiak dozena bat dira, nahiz eta proiektuan izena emanda hogei bat egon. Proiektuan izena emateko familien arrazoiei buruz galdetuta, «denetarik» dagoela adierazi du Tobarrek: «Beharra dutelako bada, ez dute esaten, baina guk ere ikusiko bagenu norbaitek beharra duela, janari gehiago emango genioke, noski. Hala ere, gehiago ez diegu ematen, badakigulako ez luketela jango. Beraz, familia bakoitzak egunero bi, hiru edo lau anoa eramaten ditu, etxeko guztientzako adina. Batzuetan, anoa gehiago izaten ditugu, eta besteetan gutxiago, sobratzen denaren arabera. Gainera, sobratzen den fruta, jogurtak eta ogia ere ematen dizkiegu».
Janaria horrela aprobetxatzeak hainbat onura ditu, Tobarren arabera. Alde batetik, «ingurumenarekiko kontzientzia» sustatzen laguntzen duela pentsatzen du, eta bestalde, jaten ez dutena, bota beharrean, kudeatu egin daitekeela uste dute ikastetxean. «Kontzientzia sortzen du egitasmo honek, bai janaria ez botatzeko, eta baita hondakin gutxiago sortzeko ere», nabarmendu du jangelako arduradunak. Horrez gain, ikasleak talde lan horretan ari direnean, «lan giro polita» sortzen dela iruditzen zaio Tobarri: «Nolabait, profesio bat praktikatzen dute, ardura batzuk dituzte (txanoa eta mantala jantzi, eskuak garbitu, eta abar) eta beste trebetasun batzuk ere irakasten zaizkie».
Horrez gain, Rexcartering fundaziokoek formakuntza bat emango diete ikasleei, eta formakuntza gainditzen badute, jakiak manipulatzeko agiria lortu dezakete jangelara joaten direnek.
Erregularizazio faltan
Gipuzkoan, Hernaniko ikastetxe bat izan zen Rexcatering proiektua martxan jartzen lehenengoa, eta Azpeitiko beste bat bigarrena. Altza BHIk joan den urrian abiarazi zuen proiektua, eta ondoren, Eibarko ikastetxe bat ere animatu da. Tobarri, proiektuak duen garrantzia ikusita, gehiago zabaltzea gustatuko litzaioke. Hala ere, proiektua erregulatzeko beharra ikusten du, legeak oraingoz ez baitu behar bezala babesten.
«Administrazio publikoak gehiago bustitzea gustatuko litzaiguke, izan ere, Donostiako Udalak, berez, ez digu honetarako baimenik ematen, elikagaien dohaintza delakoa ez delako existitzen eta ezin delako baimendu existitzen ez den jarduera bat. Bestalde, Eusko Jaurlaritzak esaten digu, berez, hori ez genukeela egin behar, baina ez digute ezer gehiago esaten. Gipuzkoako Foru Aldundiak, berriz, diru laguntzak ematen dizkigu, udalaren moduan», azaldu du.
Administrazio desberdinak ados jartzeko eskatu dute, egitasmoa eta elikagaien dohaintza legez babesteko eta ikastetxe gehiagotara zabaltzeko
Gaia pixka bat «kontraesankorra» dela adierazi du Tobarrek, baina badirudi jakien kudeaketa erregulatzeko lege bat tramitatzen ari dela Espainiako Gobernua. «Osasun baldintzak betetzen badira, berez, ez dago inolako arazorik. Garrantzitsua izan daiteke administrazio guztiak ados jartzea gai honen inguruan, izan ere, badirudi legala ez den zerbait egiten ari garela, eta hori ez da gure asmoa», eskatu du, azkenik, jangelako arduradunak.