«Kalean ez dago euskara erabiltzeko erosotasunik, ezta erraztasunik ere»
1991z geroztik dabil lanean Bagera Donostiako Euskaltzaleen Elkartea, donostiarrak modu eroso batean euskaraz bizi daitezen. Elkartearen jardunaz beraz, euskarak Donostian duen egoeraz eta azken hilabeteotan euskarak sufritu duen oldarraldiaz mintzatu dira, besteak beste, elkarteko Amets Ibero eta Maddi Juanikorena.
Euskararen aldeko jarrerara hurbiltzeko eta jendartea euskararen alde aktibatu eta kontzientziatzeko sortu zenuten elkartea. Urte mordoaren ondoren, beste helbururik gehituko zenukete zuen jardunera?
Amets Ibero (A.I.): Sorreratik dugun helburu berarekin jarraitzen dugu: Donostian modu eroso batean euskaraz bizi ahal izatea. Kontziente gara gizartea etengabe aldatzen ari dela, baita horrekin harremantzeko moduak eta gizarteari eragiteko moduak ere, eta gure helburua horietara moldatu nahi dugu. Helburua baino, egiteko modua da denborarekin aldatzen duguna.
Zein modutan aktibatzen dituzue donostiarrak euskararen aldeko ekimenetan?
A.I.: Finkoak diren egitasmo batzuk daude, ahal dugunean berritzen saiatzen garenak, eta badaude beste batzuk, horien bidez gai desberdinak jorratzen ditugunak, urtero. Mintzalaguna egitasmoa, adibidez, finkoa da. Gehien ezagutarazten gaituena da, eta talde txikietan euskaraz mintzatzeko eta praktikotasuna bultzatzeko egitasmo bat da. Duela urtebete sortu genuen Ulerlaguna, baita ere, ezagutza maila baxuko pertsonetan zentratua.
Maddi Juanikorena (M.J.): Mintzalaguna egitasmoan parte hartzeko mailarik ez dutenak dira Ulerlagunan parte hartzen dutenak. Euskaltegian dabiltza, baina saltoa ematea falta zaie, hitz egiterako garaian.
A.I.: Aniztasunean lerro indartsu bat ere badaukagu, gero eta gehiago jorratu nahi duguna. Gure ustez, oraindik badago eragiteko nahikoa espazio hor, eta euskarara hurbiltzeko saio batzuk dauzkagu, horretarako. Ongi Etorri Eskolara elkartearekin ere elkarlanean gabiltza, jatorriz etorkinak diren ikasleak euskarara hurbiltzeko eta era akademiko batean eragiteko, eta iaz jarri genituen martxan Gatoz eta Goaz saioak, zaurgarritasun egoeran dauden pertsonak euskarara hurbiltzeko. Euskalduntze tailerrak ere badauzkagu, euskara eta feminismoa uztartzen dituztenak, normalean institutuetan ematen ditugunak, zerbitzu gisa. Eta abar, eta abar. Hor badago bide nahiko luze bat egiteko, eta hori bada etorkizunerako gure erronketako bat.
Euskal jendartearen ezaugarrien eta beharren aldaketa aipatu duzue, baita hizkuntzarena berarena ere. Zein da euskararen egoera orain, Donostian?
M.J.: Datu soziolinguistikoek adierazten dute euskararen normalizazio eta biziberritze prozesua moteltzen ari dela, eta hori ere islatzen da hirian. Kopuru absolutuen irakurketak egin izan ditugu: hiztun kopurua, erabilera… baina badaude beste aldagai batzuk interesgarriagoak izan daitezkeenak, errealitatea hobeto ulertzeko. Azkeneko datuetan, ikusi dugu Donostiak dituen gune euskaldunagoetan ere beherantz doala euskararen erabilera, eta kezkagarria da: %17,4ak du hizkuntza gisa euskara Donostian, eta hiztunen %10,5ak erabiltzen du egunerokoan, gaztelania baino gehiago. Egoera larri batean gaudela adierazten diguten datuak dira.
A.I.: Lehen askoz ere modu naturalago batean bizi ginen euskaraz, eta orain hautu kontziente bat da. Norberak du bere erantzukizuna horretan.
«Aniztasunean lerro indartsu bat ere badaukagu, gero eta gehiago jorratu nahi duguna»
Amets Ibero, Bagera elkarteko kidea
Zertan eragin beharko litzateke, orduan?
M.J.: Uste genuen motibazioan jarri behar genuela arreta eta Bageran proiektu asko sortu izan ditugu horretan eragiteko, baina hiztun batek euskaraz hitz egiteko behar dituen baldintzak aztertu behar direla iruditzen zaigu. Ikasketen alorrean, haur eta gazteen gehiengoak D ereduan ikasten du, baina gaitasun minimoak lortu arren, ez da nahikoa gero egunerokotasunean euskaraz egiteko, ez delako erosoen egiten zaien hizkuntza, eta hizkuntza bat ez baduzu modu erosoan sentitzen, ez duzu hitz egiten. Gure hizkuntzak duen ahultasun egoerarekin lotura estua duen zerbait da hori, hizkuntza gutxitu bat den heinean.
Hainbat epaitegik euskara gutxiesten duten erabakiak hartu dituzte, azken hilabeteetan. Nola baloratzen gertatzen ari den hori guztia?
M.J.: Oldarraldi baten erdian aurkitzen gara, azken hilabeteotan areagotu dena baina lehenagotik zetorrena, eta hizkuntzaren normalizazio prozesua salbuespen egoeran jarri du. Donostian ere izan ditugu zenbait sententzia azken hilabeteotan, eta badakigu gehiago etorriko direla. Euskalgintzaren Kontseiluak adierazi berri du, horren ondorioz, larrialdi linguistiko batean aurkitzen dela gure hizkuntza; gizartea aldatzen ari da eta hizkuntza gutxitu batek ez dauka tokirik hor; horrek egiturazko oztopo nabarmenak sortzen ditu. Politikan, jauzi bat behar da, eta, Donostiako Udalak, dituen baliabideekin, bere alea ere jarri beharko lukeela uste dugu.
Duela urtebete hasi zineten euskararen egoerari buruz hausnartzeko plan estrategiko bat lantzen. Zein da orain plan horren egoera?
A.I.: Nahiko erronka handia dago. Donostiako biztanleriaren %32a erdaldun elebakarra da, eta, hortaz, euskaldunoi ez digu uzten, gure osotasunean, euskaraz bizitzen, nahi izan arren. Horri soluzio bat bilatzearren, plana Euskaraldiarekin lotuko dugu, udaberrian. Hizkuntzak ez du bermatzen, askotan, hizkuntza gaitasuna, eta horrek esan nahi du, nahiz eta gero eta gazte gehiagok euskaraz jakin, kalean ez dagoela erosotasun eta erraztasunik erabiltzeko. Aktibazio soziala ezinbestekoa da, baina argi dago ez dela nahikoa, eta bi modutan egin daiteke. Lehena: instituzio publikoetatik etorri beharko liratekeen baldintza batzuk eman beharko lirateke. Bigarrena, Donostiako eragile sozialekin eta arduradun politikoekin elkarlanean aritzea izango litzateke.
«Euskal hiztun batek euskaraz hitz egiteko behar dituen baldintzak aztertu behar dira»
Maddi Juanikorena, Bagera elkarteko kidea
Garrantzitsua da, baita ere, euskara ardatz izango duen harrera integralerako protokolo bat garatzea, ez direlako nahikoak sortzen ditugun proiektuak. Donostian hizkuntzaren transmisioan eta biziberritzean ematen diren aldaketa prozesuak aztertzea oso garrantzitsua iruditzen zaigu, euskarak indarra eduki dezakeelako familian, lagun artean edo auzo harremanetan, eta, hiri txikia izanik, auzo eta komunitate horiek zaintzea ezinbestekoa iruditzen zaigu, euskara bermatze aldera. Komunitatea sortua dago, baina sendotzea garrantzitsua da.
Euskararen eguna dator. Ospatzeko egun bat da?
M.J.: Horrelako mugarriak garrantzitsuak dira edozein borrokaren ikusgarritasunerako, eta euskarak ere behar ditu, baliagarriak direlako gure diskurtsoa zabaltzeko. Baina, gure lerroetako bat da euskarak 365 egun dituela eta ez dugu bereziki egun horretan ezer berezirik egiten, baizik eta egunero txertatzen dugula gure jardunean.