Polizia indarkeria Donostian, 1974an: hiru kasu adierazgarri
50 urte pasatu dira 1974. urtetik. Urte hartan, bortitza zen Polizia frankistaren indarkeria, eta horren erakusgarri dira Donostiarekin lotutako hiru kasu hauek: Jon Urzelai, Jose Antonio Garmendia 'Tupa' eta Josemari Arruabarrena 'Tanke' eta Mikel Salegi.
Duela 50 urte, 1974an hain justu, Francori urtebete gelditzen zitzaion hiltzeko, baina errepresioa ez zegoen hilzorian; besteak beste, Salvador Puig Antich anarkista garrotean hil zuten urte hartan, Burgosko Prozesua oso presente zegoen (1970) eta Angel Otaegi eta Jon Paredes Txiki etakideak eta FRAPeko hiru kide fusilatu zituzten hurrengo urtean. 1974ko urteurren borobila baliatuta, Donostiarekin lotutako hiru errepresio kasu ekarriko ditugu gogora hurrengo lerroetan.
Jon Urzelai: ihesa eta heriotza
Aranon (Nafarroa) jaio zen Jon Urzelai, 1948an. Gaztetatik, ordea, Gipuzkoan egin zuen lan, eta gazte sartu zen ETAn, beste asko bezala. 1973an, Eustakio Amilibia Txikia etakide ezagunaren bila zebiltzan Guardia Zibila eta Brigada Politiko Soziala, han eta hemen sarekadak egiten. Sarekada horietako batean atxilotu zuten Urzelai, Bixente Apalategi etakidearekin batera.
Antiguako kuartelera eraman zuten eta bertan torturatu zuten, ondoren, Martuteneko espetxera eramateko. Epaiketaren aurretik, ihes egiten saiatu zen, baina huts egin zuen.
Ordea, ez zuen etsi, eta, bigarren saiakeran, lortu zuen ihes egitea. Gaitz nefritiko kroniko bat zuela eta, Donostiako ospitalera eramatea lortu zuen, 1974ko ekainaren 28an. Horrela, Jon Goikoetxea komandoko lau etakideak, bisiten ordua aprobetxatuta, Urzelairen gelan sartu ziren uztailaren 6an, poliziak desarmatu zituzten eta Urzelairekin ihes egin zuten.
Donostiako etxe batean ezkutatu zen lehenengo, baina laster joan zen Bilbora; besteak beste, Laudioko Tubacex lantegiaren lapurreta entzutetsuan paper garrantzitsua jokatu zuen. Ordea, beste etakide bati torturapean ateratako informazioari esker, Guardia Zibilak tirokatuta hil zuen Urzelai irailaren 11n, Zorrotzako etxebizitza batera sartzen ari zenean.
Tupa eta Tanke, bizkarretik
Urzelai hil baino egun batzuk lehenago, abuztuaren 28an, beste bi etakide tirokatu zituen Poliziak Donostian: Jose Antonio Garmendia Tupa (Abaltzisketa, 1951) eta Josemari Arruabarrena Tanke. Hain zuzen ere, errepide kontrol batean gelditu zituzten, Zuzenbide fakultatearen aurrean, eta gazteak, armak autoan utzita, korrika atera ziren mendirantz. Poliziek, ordea, metrailetekin bizkarretik tiro egin eta biak jo zituzten.
Memoria historikoan eta indarkeria politikoaren biktimen aitortzan pauso asko eman dira, baina asko gelditzen dira emateko
Arruabarrena larriki zauritu zuten, eta espetxean egon zen 1977ra arte. Hain zuzen ere, berari aurkitutako ohar batean «Rolando: 2:15-2:45» jartzen zuen, eta, horregatik, ETAri egotzi zioten Madrilgo kafetegi horretako atentatu ezaguna —hamahiru hildako eta 70 zauritu—, ETAk 2018ra arte ofizialki bere gain hartu ez zuena.
Garmendiari dagokionez, buruan zauritu eta hilzorian utzi zuten. Hala ere, galdekatu eta Gregorio Posadas Zurronen hilketa bere gain hartzen zuela zioen papera sinarazi zioten. Handik gutxira, Angel Otaegi etakidea atxilotu zuten eta biei heriotza zigorra ezarri zieten. Garmendiari, bere osasun egoera zela eta, kommutatu egin zioten zigorra, baina Otaegi 1975ean fusilatu zuten, Juan Paredes Txiki etakidearekin eta FRAPeko hiru kiderekin batera.
Mikel Salegi, errepidean tirokatua
Garmendiarekin eta Arruabarrenarekin egin zuten moduan, Mikel Salegi Urbieta (Donostia, 1953-1974) ere errepide kontrol batean tirokatu zuten, Errekalden (Añorga). Ez zuen ETArekin lotura ezagunik.
1974ko abenduaren 18an izan zen. Tolosan lagun batzuekin afaldu ostean, autoz etxera itzultzen ari zen. Gau iluna eta euritsua zen, eta Guardia Zibilak errepide kontrol bat jarri zuen Errekalden, baina ez zen ondo ikusten. Hiru autotan zihoazen lagunak, eta hirugarrenean zihoan 21 urteko gaztea. Poliziek gelditzeko abisu bakarra egin zioten auto horri, gidariak ikusi ez zuena, eta, bestelako abisurik gabe, tiroka hasi ziren guardia zibilak.
Salegik hemezortzi tiro jaso zituen, eta guardia zibilek egin zuten gauza bakarra gidaria atxilotzea izan zen —desagertuta egon zen hiru egunez—. Beste auto batek hartu zuen gaztea, ospitalera eramateko, baina beste polizia kontrol batean gelditu zuten eta han hamar bat minutuz eduki zituzten geldirik, Salegi odolusten ari zen bitartean. Hilda heldu zen ospitalera. Hori gutxi balitz, Poliziak ospitalean ez zien gorpua ikusten utzi senideei eta Polloera eraman zuten. Hurrengo egunean, izapide ugariren ostean, familiak lortu zuen Salegiren gorpua ikustea.
Sufrimendua, ordea, ez zen hor amaitu. Hiletan, Polizia Nazionalak eta ultraeskuindar ugarik inguratu zituzten senide eta lagunak, baita gogor jipoitu ere; tartean Salegiren ama. Haurdun zegoen emakume bat ere jipoitu zuten, eta haurra galdu zuen horren ondorioz. Hamar zaurituetako batek begia galdu zuen eta emakume batek bihotzekoa izan zuen eta horren ondorioz hil zen. Hori guztia, Salegiren familiak kontatu zuen, 2006an argitaratutako gutun batean.
Kasua artxibatu egin zuten, eta ez du inork ordaindu erailketarengatik. Halaber, haren senideek askotan salatu dute laguntza instituzional falta. Memoria historikoan eta indarkeria politikoaren biktimen aitortzan pauso asko eman dira, baina asko gelditzen dira emateko.