Aria taldeak 'Uhara' azaleratu du
Donostiako Aria taldeak abesti berri bat plazaratu du: Uhara. Itsasontziek ur azalean uzten duten apar arrasto zuria da uhara. Boskote bihurtuta prestatzen ari diren lan berriaren lehen aurrerapena da.
Honela aurkeztu dute kanta: “Lehenengo notekin gozotasuna transmitituz bare-bare dagoen itsasoan kokatzen gaitu, baina aurrera egin ahala intentsitateak gora egitearekin batera azkar ulertu dezakegu olatuak eta denboralea hurbil daudela. Izan ere, abestiak amaitu den harreman baten metafora egiten du: pertsona hori dagoeneko ez dago gurekin, baina bere arrastoak, uharak bezala, gugan jarraitzen du”. Musikalki, pop euskaldun eta italiarraren eraginak daudela diote, Italiarekiko dute lotura mantentzen dutelako.
Oriol Flores (Estudio 24/7 Ritmos a medida) arduratu da abestiaren ekoizpenaz eta grabazioaz. Aldiz, Beñat Igerabidek nahastu eta masterizatu du.
Aria Donostian sortu zen 2023 hasieran. Taldearen atzean Marina Landa kantautorea dago, aspalditik abestiak idatzi eta konposatzeari esker bakarlari bezala ibili dena urteetan zehar. 2022an Iñaki Ortego (Lauroba) ezagutu eta elkarrekin proiektuari forma ematen joan ziren, 2023an Ion Larrañaga (Azkoitiko eta Getariako bandak) baterian eta Iñaki Olaskoaga (Badmintones, Aphaxia) gitarra elektrikoan batu zitzaizkien arte. Azkenik, 2024an Maialen Urretabizkaia (Alargun Beltzak) baxura gehitzearekin batera boskotea osatu dute taldea borobiltzeko.