Gipuzkoako Surf Txapelketa abenduaren 6an eta 7an jokatuko da Zurriolako hondartzan
Donostian jokatuko da Gipuzkoako Surf eta Longboard Txapelketa. Ostiralean eta larunbatean izango da Zurriolako hondartzan, eta bi modalitateetako kirolari onenek parte hartuko dute. Gipuzkoako Surf Federazioa da antolatzailea, eta jakinarazi dutenez, bodyboard lehiarik ez dago egongo, kanpo arrazoiengatik.
Gaur goizean udaletxeko prentsa aretoan aurkeztu dute txapelketa, eta berezia izango dela adierazi du Maialen Saez federazioko presidenteak: “Krisi garaian 2016an Gipuzkoako Surf Federazioaren gidaritza hartu zuen egungo zuzendaritza batzordearen zortzi urteko zikloa ixten du. Kirola eta kultura uztartzeko plan estrategikoari esker, kirol probak ugaritu egin dira, eta Gipuzkoako txapelketa bakarra izatetik agenda Stand Up Padel eta Txiki Surf zirkuituekin osatzera igaro dira, Gipuzkoako harrobiko etorkizuneko belaunaldiak ziurtatuz”.
Lehiaketarekin batera, FederArte Surfing Kulturak kirolaren, kulturaren eta iraunkortasunaren arteko lotura indartzen duten jarduerak antolatuko dituzte. Jarduera horietan, kirolean genero berdintasuna bultzatzen duten jarduerak eta dibertsitate funtzionala duten pertsonentzako esperientzia inklusiboak sartuko dira, komunitate osoaren parte hartze aktiboa sustatuz. Eredu berritzaile honek kirol bikaintasuna kultura eta gizarte inpaktuarekin konbinatu nahi du, surfa aldaketa positiborako motor gisa sendotuz.