Hiru Damatxok bertan behera utzi du 'Barraka', aurkezlearen erasoak azaleratu ostean
Hiru Damatxo ekoiztetxeak neurriak hartu ditu, X plataformako 'bukatuda_showa' kontuko salaketa kolektiboak 'Barraka' saioko aurkezlea seinalatu ostean.
Barraka saioaren hirugarren kapitulua zabaltzekoak ziren atzo iluntzean, aurreko bi igandeetan bezala. Ordea, atzo ez zen saioaren ez bideorik ez publikaziorik sare sozialetan, ezta Primeran plataforman ere. Horren partez, @bukatuda_showa X kontuko publikazioa hasi zen zabaltzen. Berriki sortutako kontu horretan, emakume talde batek “euskal komunikabide ezberdinetan ezaguna den mutil gazte” batek eginiko erasok salatu zituen. Aldi berean, Hiru Damatxok, bere proiektu bateko pertsona batek egindako erasoak salatu zituen ohar bidez, eta proiektuaren zabalkundea bertan behera utzi du.
Izen deiturarik aipatu gabe, neska taldearen oharrak euskal aurkezle eta bakarrizketari bat seinalatu zuten X bidez zabaldutako oharrean: “Oñatiarra da, karisma handia du, baita babes soziala ere. Umore arlotik bakarrizketa zein show desberdinak gidatu ditu, programa propio bat aurkeztu arte”. Adierazpenean, toki askotariko emakumeek bat egin dute, asko baitira eraso fisiko, sexual, psikologiko eta berbalak jasan dituztenak: “Ez behin, ez bitan… erasoek denboran iraun dute, eta gainera ugaritu egin dira”. Hori dela eta, elkarren artean antolatu eta isilpeko egoera hori azaleratu dute, neurriak eta erantzukizunak har daitezen.
Hiru Damatxoren eta EITBren erantzuna
Sareetan zabaldutako salaketa kolektiboan izenik eman ez bada ere, oharrean aipatutako ezaugarri guztiek norabide jakin batean zuzendu dituzte begiradak: Barraka saioko Iker Plazaola aurkezlea. Aurkezlearen aurkako salaketa publikotik ordu batzuetara, Hiru Damatxok ohar bat argitaratu du. Idatzian, erasoak salatu dituztenei zilegitasun osoa eman eta neurriak hartuko dituztela baieztatu du ekoiztetxeak: “Ez dugu erasorik onartzen, eta ez dugu erasotzailerik onartuko”.
Neurri horien artean, ondokoa zehaztu dute: batetik, Barraka saioaren sustapena eta emisioa bertan behera uztea; eta, bestetik, EITBrekin bilerak abiatzea “egoeraren larritasunari dagozkion neurri gehiago hartzeko”.
EITBk, bere aldetik, “kautelaz”, bere edukietako baten ekoizpena eta emisioa bertan behera uztea erabaki du. Bere webgunean zabaldutako ohar baten bitartez azaldu du “programa horren produktore arduradunarekin koordinatuta” hartu duela kautelazko neurri hori, eta bere horretan utziko dutela, gertakariak argitu eta protokoloak aplikatu arte: “EITBk gaitzespen eta zero tolerantzia jarrera du emakumeen duintasunaren eta eskubideen aurka doan edozein portaeraren aurrean”.