Euskara dinamizatzaile baten bila dabil Bagera elkartea
Donostiako Bagera Euskaltzaleen Elkarteak lan deialdi bat zabaldu du, euskararen dinamizazio lanetan aritzeko pertsona baten bila.
Lanpostu hori betetzen duen pertsonaren egiteko nagusiak izango dira Bagerak eskaintzen dituen zerbitzuen zabalpen eta dinamizazio lanak egitea, hizkuntza eskubideen behaketak kudeatzea eta elkartean sor daitezkeen beste proiektuetan laguntzea. Epe luzerako eszedentzia baten ordezkapena izango da lanpostua, astean hogei orduko lanaldia edukiko du, goizeko ordutegi malguarekin eta 30 opor egunekin. Lantokia, bestalde, Donostiako erdigunean izango da.
Horrela zera eskatuko du Bagerak lanpostua eskuratu ahal izateko: komunikazio gaitasunak edukitzea; izaera irekia, dinamikoa eta harremanetarako gaitasuna izatea eta proiektuarekiko atxikimendua edukitzea. Era berean, kontuan izango dute Donostia ondo ezagutzea, euskalgintzan aritu izana, gizarte mugimenduetan eskarmentua izatea eta komertzial lanetan eskarmentua izatea. Hilaren 31ra arte bidali daitezke curriculumak, idazkaritza@bagera.eus helbide elektronikora.