Hiri antolamendurako plan orokor berria idazteko 1,6 milioi euro aurreikusi dituzte
Luze joko du hiri antolamendurako plan orokorra (HAPO) berritzeko prozesuak. Une honetan, Donostiako Udala aurrez aurreko bilerak egiten ari da planaren aurrerakina ezagutzera emateko.
Horrekin batera, bestelako izapideak egiten ari dira. Esaterako, Tokiko Gobernu Batzordeak gaur onartu du HAPO berria idazteko behar diren zerbitzuak kontratatzeko espedientea. 1.600.104 euroko aurrekontua zehaztu dute, eta gauzatzeko epea 36 hilabetekoa da.
Azken hilabeteotan, hainbat bilera egin dituzte Donostiako auzoetan, eta fase horren hondarrean daude. Izan ere, bilera tematiko bakarra falta da faseari bukaera emateko. Hilaren 9an, udaletxeko udal batzar aretoan Ondarea eta paisaia izango dituzte hizpide, 18:00etatik aurrera.
Hedabide honek Mariaje Idoeta Partaidetza zinegotzia elkarrizketatu zuen pasa den astean, eta HAPOaren berrikuspen prozesuaren inguruan hitz egin zuen, besteak beste: “Partaidetza prozesu guztien helburua da herritarren parte hartzea sustatzea, eta proiektuak aberasten dituzten proposamenak jasotzea eta lantzea”.