Morlansko tunelaren zaharberritzearen ostean, oinezkoek ere erabili ahal izango dute
Hiritar askok oinez zeharkatzen badute ere, egun ez da oinezkoentzako pasabidetzat hartzen.
Udaleko Hiri Proiektuen Departamentua lanean ari da datozen hilabeteetan Morlans eta Lugaritz lotzen dituen tunela goitik behera berritzeko. Etorkizuneko esku hartzeak bi obra fase izango ditu: batetik, hainbat jarduketa egingo dituzte tunelak urteotan jasan dituen kalteak konpontzeko; bestetik oinezkoen pasabide gisa ere jarriko dute bidea, behin lanak amaituta.
Udalean jakin badakite, egun oinezkoentzako erabilera zehaztuta ez dagoen arren, herritar askok oinez zeharkatzen dutela Morlans eta Lugaritz arteko lotunea. Hori dela eta, lanak egin behar dituztela baliatuta, erabilera berria ere bermatuko dute Hiri Proiektuen sailean. Helburu horiei heltzeko aurrekontua 1,2 milioi eurokoa da, BEZa barne, baina baliabide ekonomikorik ez dagoenez, 250.000 euroko partida bat sortzea erabaki dute, behar bezala erabiltzeko beharrezkoak diren jarduerak egiteko.