Aemet erakundearen Intxaurrondoko egoitza partzialki eraitsiko du Espainiako Gobernuak
Donostiako Udalak eraikinaren jabetza eskuratu nahi du Eusko Jaurlaritzaren bidez zuzkidura etxebizitzak egiteko.
Espainiako Ministroen Kontseiluak atzo adostu zuen Intxaurrondoko Etxaide Borda eraikina (Parada baserria, 48) partzialki botatzea. Espainiako Estatuko Meteorologia Agentziaren (Aemet) Euskal Herriko Lurralde Ordezkaritzaren egoitza izan zen urte luzez, 2015ean ixtea erabaki zuten arte.
Ordutik, eraikina utzita dago, eta hainbat sute izan dira egoitzaren barruan. Hori dela eta, Espainiako Gobernuak eraikinaren zati bat eraitsi eta suteek kalteturiko guneak konpontzea erabaki du. Lan horiek egiteko 1.389.300 euroko aurrekontua izango dute.
Dena dela, jabetzaren inguruko erabakirik ez dute hartu. Urrian, EH Bilduk mozio bat aurkeztu zuen Espainiako Senatuan, Espainiako Gobernuari eskatzeko “eraikina doan lagatzeko udalari, interes publikoko xedeetarako”. Azaroko udalbatzarrean, berriz, Donostiako Udalbatzak aho batez onartu zuen Aemeten egoitza zaharraren inguruko mozio bat. Zehazki, Espainiako Gobernuari eraikina Eusko Jaurlaritzari lagatzeko eskatzea adostu zuten, zuzkidura etxebizitzak egiteko. Mozio arrunta EH Bilduk aurkeztu zuen, baina EAJ, PSE-EE eta Elkarrekin Donostia udal taldeen zuzenketarekin onartu zen.