Gizon bat atxilotu dute Ulian, beste bat arma zuriz hiltzen saiatzea egotzita
Ertzaintzak gizon bat atxilotu du gaur goizean Donostiako Ulia mendian, beste gizon bat hiltzen saiatu izana leporatuta. Ertzaintzak azaldu duenez, arma zuri batekin mehatxu eta eraso dio atxilotuak beste gizonari, eta erasoa pairatu duena ospitalera eraman dute, “lesio larriak” zituelako.
Poliziaren prentsa oharrak dioenez, 06:00ak aldera, Ulia mendiko zuhaizti eremu batean, pertsona batek laguntza eskatu dio bertatik igarotzen ari zen Ertzaintzaren patruila bati. Agenteak pertsona horrekin joan dira inguruko baso eremu batera, eta bertan gizon bat aurkitu dute gaua pasatzen, gorputzeko hainbat ataletan kolpeak eta odola zerien ebakiak zituena. “Zer gertatu zaion galdetu diotenean, biktimak adierazi du bertan zegoen beste gizon batek arma zuri batekin eraso egin diola, eta aurretik harekin eztabaida izan duela”, azaldu du Ertzaintzak.
Ustezko erasotzailea giza hilketaren saiakeraren delitua eta arma zuriarekin mehatxu egitea leporatuta atxilotu dute eta komisariara eraman dute, beharrezko izapideak hasteko. Horiek amaitu ondoren, agintari judizialaren eskuetan jarriko dute.