Kaxilda aurkeztu dute, San Tomas eguneko txerria
Abenduaren 21ean izango da San Tomas eguna, eta gaur aurkeztu dute Plaza Berrian ikusgai jarriko duten txerria: Kaxilda. Elgetako Arantzeta baserrian hezi dute, Durock arrazakoa da eta 350 kilo inguru ditu. Babarruna, artoa, garia eta soja dira txerriaren elikaduraren oinarria, eta baserriko arduradunek adierazi dutenez, beste 40 kilo hartu ditzake egun seinalaturako.
Basatxerri kooperatibak 2022an hartu zuen Leitzako Arro baserriaren lekukoa. Izan ere, urtetan Kristina Saralegi izan zen Donostiako San Tomas eguneko txerriak hazten zituena. Ordea, 2022ko otsailean zendu zen, 48 urte zituela.
Azken bi urtetan, Aizarnazabalgo Larraxko baserrian hezitako txerriak izan dira Plaza Berrira ekarritakoak: Xixili izan zen 2023ko txerria, eta Roxaito 2022koa. Aurten, berriz, Basatxerri kooperatibakoa ere den Elgetako Arantzeta baserrian hezi dute txerria.