Ehungintzako grebak jarraipen zabala izan du Garberan
Gipuzkoako ehungintza sektoreko langileek hamahiru egun daramatzate greban, eta gaurko protestek jarraipen zabala izan dute Garbera merkataritza zentroan. ELA sindikatuak jakinarazi duenez, denda batzuek itxi behar izan dute: H&M, Parfois, Intimissimi eta Tezenis. Gainera, itxiera partzialak egin dituzte beste hainbat dendetan.
ELAk eskatu du Gipuzkoan ez aplikatzea Madrilen negoziatzen ari diren marka komertzial handien estatuko lehen hitzarmena, “horrek ekarriko lukeelako borroka sindikalari esker lortutako lan baldintzak galtzea”. Marka horiek bat egin dute, eta iaz ARTE izeneko patronala sortu zuten. “Horren bidez, sektorerako estatuko lehen hitzarmenaren negoziazioa bultzatu dute, estatu mailako lan baldintzak homogeneizatzeko”, ohartarazi du sindikatuak.
Sindikatuak gaineratu du mobilizazioekin jarraituko dutela, “Gipuzkoa estatuko hitzarmen horren aurrean blindatu arte”.