Etxebizitza larrialdiari buruzko jardunaldia antolatu du Telesforo Monzon laborategiak
Etxebizitza da egungo gizartearen zati handi baten arazo eta kezka iturri nagusienetako bat, eta, hori dela eta, Etxebizitza larrialdia Euskal Herrian. Konponbidea nondik? jardunaldia antolatu du Telesforo Monzon Euskal Herrigintza Laborategiak Donostian. Abenduaren 16an izango da, 10:00etatik 14:00etara, Tabakalerako, Z aretoa; joan ahal izateko, hemen eman behar da izena.
10:00etan hasiko da jardunaldia, elkarrizketa batekin: Xabi Astigarragak Alejandro Inurrieta elkarrizketatuko du (gazteleraz). 10:45ean, Etxebizitza, lehen mailako erronka. Nola iritsi gara honaino? Nola erantzun jendarte zibiletik? mahai ingurua egingo dute Ainize Butronek (ALDA), Iratxe Delgadok (LAB) eta Karlos Renedok (Hiritik At), Xabi Astigarragak moderatuta. Ondoren, 12:30ean, Etxebizitzaren auzia euskal lurraldeetan. Ze politika publiko behar dira? Nola uztartu instituzioa eta kalea? Burujabetza ez izatearen ondorioak mahai ingurua egingo dute Lola Eslavak (EH Bildu Nafarroako udalgintza arduraduna), Aizpea Otaegik (Errenteriako alkatea) eta Felipe Aramendik (Urruñako auzapeza), Izar Hernandok moderatuta.
Kezka nagusia
Herrigintza laborategiak azaldu duenez, oso beharrezkoa da etxebizitzaren auziari seriotasunez heltzea: “Etxebizitza herritarren lehentasunezko kezka da, ez bada nagusia, egun etxebizitza eskubide izatetik oso urrun baitago. Europa mailako emantzipazio adin altuenetarikoa dago Euskal Herrian, etxebizitza gastuetara bideratu beharreko errentaren zatia gorantz doa etengabe eta euren auzo zein herrietan bizitza proiektua garatu ezin duten herritarrak gero eta gehiago dira. Une honetan, herritarren txirotze orokortuaren arrazoi nagusienetarikoa da etxebizitza prezioen garestitzea. Egoera hau urteetan garaturiko politika zehatzen ondorio da”.
Besteak beste, alokairuko etxebizitza parke publikoa handitzeko aukerak, euskal erakundeek etxebizitzaren alorrean eskaintzen dituzten tresnak eta burujabetza osoa ez izatearen ondorioak aztertuko dituzte. Halaber, etxebizitza larrialdiari heltzeko estrategia integral baten beharra azalduko dute, merkatua arautu eta Euskal Herriko instituzio zein jendarte zibilaren indarrak artikulatzen asmatuko duena.