Haizearen Orraziaren birgaitzea udan amaituko dela dio udalak
Donostiako alkate Eneko Goiak aste honetan irrati bidez adierazi duenez, Ondarretako eremu horren birgaitzea hasieran zehaztutako epeetan egingo dute. Horiek horrela, abuztu amaierarako espero dute eremu berritua.
![Haizearen Orrazia](https://irutxulo.hitza.eus/site/files/2024/12/haizearen_orrazia.jpg)
Itxaronaldi luze baten ostean, badirudi tunelaren beste aldean argi izpi batzuk ikusten direla. Haizearen Orrazia birgaitzeko proiektuak urteak daramatza egiteke, baina, azkenik, iragarritako epeak bete ahal izango dituela dirudi. Izan ere, azken egunotan, Gipuzkoako Eraikitzaileen Enpresa Elkarteak (Ascongi) atzera bota du obra kontratuaren lizitazio pleguen aurka jarritako errekurtsoa. Hala, duela bi hilabete adostu moduan, eremuko esku hartzea 2025eko otsailean hasiko da, eta abuztuan amaitu.
Udal gobernuak iragan azaroaren 11n eten zuen obren lizitazio prozedura, Ascongiren eskaeraren ondotik. Eraikuntza patronalaren arabera, udalak eskatutako C kalifikazio maila gehiegizkoa zen, eta mota askotariko enpresak aurkeztu ahal izatea galarazten zuen.
Udalak, baina, kalifikazio espezifikoa dutenen aldeko apustuari heldu dio geroztik, «ez baita edonolako leku bat». Eneko Goia alkateak azken asteotan defendatu duenez, gune publiko bat izateaz harago, artelan bat ere bada, eta horrek ezinbestean espezializazio maila bat eskatzen du: «Jarduera hau ez da obra zibil bat besterik gabe, artelan baten gainean jarduteaz ari gara».
Haizearen Orraziaren plaza birgaitzeko proiektuak irisgarritasuna egokitzea, argiztapena hobetzea eta mendi hegalaren egonkortasun arazoak behin betiko konpontzea ahalbidetuko du, besteak beste. 1,5 milioi euroko aurrekontua bideratuko dute lan horietara.
Kostaldeko zuzendaritzaren erabakipean
Eremuaren berritze proiektuak denbora darama zurrunbilo juridikoetan katramilatuta. Proiektua 2023rako prest egon arren, urtebete pasatu du udaleko kaxoiren batean gordeta. Izan ere, udalak berritu nahi duen eremu hori lehorreko jabari publikoaren babesaren barruan zegoen, Tenis Klubaren emakidaren barruan. Baimen hori, baina, iraungita zegoen 2018tik, eta arazo juridikoak izan zituen berritzeko.