Moriarti Produkzioak ekoiztetxeak jasoko du Urrezko Danborra
Donostiako Udaleko Bozeramaileen Batzordeak aho batez erabaki du 2025eko Urrezko Danborra nork jasoko duen: Moriarti Produkzioak zinema ekoiztetxeak. Aitor Arregik, Jon Garañok, Jose Mari Goenagak, Asier Achak eta Xabier Berzosak osatzen dute ekoiztetxe donostiarra, eta euren lana aitortuko dute San Sebastian egunean emango dieten sariarekin.
2001. urtean sortu zen ekoiztetxea, eta, ordutik, fikziozko bost film luze, hiru dokumental zinematografiko, hamar film labur baino gehiago, telebistarako hainbat dokumental eta telesail bat ekoitzi dituzte. Halaber, nazioarteko hainbat jaialditan parte hartu dute, baita 450 sari baino gehiago lortu ere. Irabazitako sarien artean daude hauek: hamabi Goya sari eta 31 izendapen; bi hautagaitza Oscar sarietan; Donostiako Zinemaldiko zuzendari onenaren Zilarrezko Maskorra, gidoi onenaren saria, FIPRESCI saria eta epaimahaiaren sari berezia; film onenaren Forque saria; EFA sari bat; Premio Platino bat eta Sant Jordi saria.
Hainbat film entzutetsu ondu dituzte, besteak beste, Lucio (2007), Loreak (2014), Handia (2017), La trinchera infinita (2019) eta Marco (2024). Halaber, Cristobal Balenciaga moda diseinatzailearen inguruko telesaila ondu dute aurten. Euren lan guztien inguruko informazioa hemen daukazue.
98 hautagai
Duela bi aste inguru eman zuen udalak Urrezko Danborra eskuratzeko hautagaien zerrendaren berri, eta 98 ziren hautagaiak. Hainbat arlotako pertsona eta eragileak zeuden tartean, hala nola, sukaldariak, aktoreak, musikariak, herri mugimenduetako kideak eta kirolariak. Guztien artean, ordea, Moriarti Produkzioak gailendu da.
Bestalde, San Sebastian egunaren bueltan ematen dituzten beste sariak, Hiritar Merezimenduaren Dominak, laster iragarriko dituzte, baita ere. Izan ere, aste honetan iragarri dute 116 pertsona eta erakunde daudela hautagaien zerrendan.