Amara Berriko Etengabeko Arreta Gunearen itxieraren aurka mobilizatuko dira
DOPA Donostialdeko Osasun Publikoaren Aldeko plataformak elkarretaratzera deitu du larunbaterako (hilak 7) Amara Berrin, Osakidetzak auzo horretan hartutako azken erabakia salatzeko. Izan ere, DOPAk azaldu duenez, Osakidetzako zuzendaritzak erabaki du “Amara Berriko osasun zentroan asteburu eta jaiegunetan eskaintzen zen Etengabeko Arreta Gunea (EAG) ixtea aste honetatik aurrera, publikoki jakinarazi gabe”. 10:00etan egingo dute elkarretaratzea, auzoko osasun zentroaren aurrean.
Salatu dutenez, “itxialdi honek, Eusko Jaurlaritza egiten ari den osasun zerbitzu publikoen murrizketei gehituta, milaka donostiarrengan izango du eragina, hemendik aurrera urrutiago dagoen beste EAG batera joan beharko baitute”. “Osasun zerbitzu publikoen aurkako kolpe berri hori koldarkeriaz jo dute, herritarrei horren berri eman gabe, eta, paradoxikoki, osasunari buruzko Euskal Ituna egiteko prozesu betean, ustez Osakidetzaren egoera hobetu nahi duena”, gehitu dute.
Azkenaldian, hiriko hainbat auzotan ari dira antzeko elkarretaratzeak egiten, osasungintza publikoaren lehen arreta zerbitzuetan egiten ari diren murrizketak salatzeko. Besteak beste, Intxaurrondon eta Egian mobilizatu dira azken asteotan.