«Belodromoa itxita egongo den epealdian kirolariek ez dute alternatibarik», salatu du EH Bilduk
Donostiako Udalak Antonio Elorza belodromoko txirrindularitza eta atletismo pisten aldi baterako itxieraren berri eman zuen ostegunean, estalkia konpontzeko lanak direla eta. Horren aurrean, erabakia hartzeko moduarekin kritiko agertu da EH Bildu: “Abendua da Gipuzkoako atletismoarentzat txapelketa gehien dituen garaia, eta txirrindularitzaren kasuan, indoor denboraldia hasi berri du. Belodromoa itxita egongo den epealdian kirolariek alternatibarik ez dute ez entrenatzeko ez lehiatzeko azpiegitura honek ematen dituen baldintzekin”.
Halaber, azaldu dute lanen epeak ez direla adostuak izan atletismo zein txirrindularitza federazioekin: “Hori bada egin beharreko gutxiengoa, izan ere, haien kirol egutegian eragin dituen ondorioak begi bistakoak dira: gaur gaurkoz ezin da bermatu programatutako txapelketak bere horretan mantenduko direnik. Hain justu, entrenamendu eta txapelketa gehien dauden hilabeteetan lanak egitea saihestu aldera, udaberria eta udara dira momentu aproposenak, federazioek azken hilabeteotan adierazi duten bezala”. Ildo beretik, alderdiak gogorarazi du bi kirol horiek “egoera prekarioan” zeudela itxiera honen aurretik ere.
Horrela, gardentasunez jokatu ez izana leporatu diote udal gobernuari: “Inplikatuta diren agenteekiko gardentasuna eta komunikazio zuzena eskatzen ditugu EH Bildutik, eta aurreikuspenak behar diren epeetan egitea alternatiba egingarri bat antolatu eta eskaini ahal izateko, baldintza duinetan kirola egin eta zalegoak ere kirolaz gozatzeko. Programatuak diren txapelketak eta kirol hitzorduak bertan behera uzteak ezin du irtenbidea izan berez zailtasun handiak dituzten kirolari eta diziplinentzat, kasu honetan atletismoarentzat eta txirrindularitzarentzat”.