Derbi asteburua Realarentzat
Etxetik kanpo jokatuko dute asteburuan Realeko neskek eta mutilek, Ibaeta Basketek eta Txuri Urdineko mutilek. Etxean arituko dira, aldiz, Gipuzkoa Basket eta Realeko belar hockeyko neskak.
Derbi gipuzkoarra jokatuko dute igandean Realeko eta Eibarko neskek, Eibarren etxean. Derbia den heinean, neurketa bizia izatea aurreikusten da, baina txuri-urdinak dira faborito nagusiak, jaitsiera postuetan ez sartzeko borrokatzen ari baitira eibartarrak. Bestalde, Realeko mutilek Leganesen etxean jokatuko dute igande eguerdian, eta hor ere faboritoak donostiarrak dira, sailkapenean gora egin eta Europako postuak eskuratzeko helburuarekin jarraitzeko.
Saskibaloian, Ibaeta Basketek Gironaren etxean jokatuko du larunbatean; neurketa gogorra izango da, ligako liderrak baitira katalanak. Aldiz, Gipuzkoa Basketek Amics Castello hartuko du etxean gaur; aurkari zuzenak dira sailkapenean, beraz, garrantzitsua da irabaztea donostiarrentzat.
Izotz hockeyan, Txuri Urdineko neskek ez dute neurketarik jokatuko asteburuan, baina bai mutilek. Hain zuzen ere, Majadahondaren etxean jokatuko dute larunbat gauean, ligako laugarrenaren aurka. Denboraldi eskasa egiten ari dira donostiarrak, eta, beraz, horri buelta emateko aukera aproposa izan daiteke norgehiagoka hori.
PARTIDAK
Futbola
Emakumezkoen liga, 12. jardunaldia
- Eibar — Reala (igandea, 8, 12:00)
Gizonezkoen liga, 16. jardunaldia
- Leganes — Reala (igandea, 8, 14:00)
Saskibaloia
Emakumezkoen liga, 11. jardunaldia
- Girona — Ibaeta Basket (larunbata, 7, 18:10)
Gizonezkoen bigarren mailako liga, 10. jardunaldia
- Gipuzkoa Basket — Amics Castello (ostirala, 6, 20:30)
Izotz hockeya
Gizonezkoen liga, 11. jardunaldia
- Majadahonda — Txuri Urdin (larunbata, 7, 22:00)