Donostiako Musika Eskolako lanpostu bateko euskara eskakizuna ontzat jo du epaitegi batek
Euskararen aurkako epai ugariren ostean, oraingoan, hizkuntz eskakizunen aldeko epai bat atera da Donostian. Hain zuzen ere, Donostiako Administrazioarekiko Auzietako Epaitegiak ontzat jo du Donostiako Udaleko Musika eta Dantza Eskolan kantu irakasle izateko C-1 euskara maila eskatzea.
Horrela, Efe albiste agentziak argitaratutako informazioaren arabera, sententziak atzera bota du orain arte lanpostua okupatu duen bitarteko irakaslearen errekurtsoa; hain justu, pertsona horrek ez zuen hizkuntz eskakizun hori betetzen.
Zehazki, ebazpenak dio Musika eta Dantza Eskolak “bermatu” behar duela “herritarrek administrazioarekin euskaraz harremanak izateko duten eskubidea”, euskal administrazio publikoaren parte den heinean. Halaber, epaileak ebatzi du ez dela kargutik kendutako pertsonaren, bitarteko irakaslearen, eskubiderik urratu.