Lehen arreta bermatu nahi dute
Egiako osasun etxearen aurrean elkarretaratzeak hasi zituzten orain astebete. Ez dira, baina, hiriko bakarrak izan. Donostiako auzoetan protestak ugaritu dira COVID-19az geroztik, herritarren osasun arreta publikoa bermatu dadila aldarrikatzeko.
Itxaron zerrenda luzeak, ordezkatzen ez diren bajak, mediku bakoitzari dagokion paziente zerrenda amaigabea, sendagile nekatuak eta beharrezko arreta jasotzen ez duten herritar andana. Halakoa da hiriko osasun etxeen irudia egun, Donostialdea Osasun Publikoaren Alde (DOPA) plataformaren arabera.
Plataforma pandemiarekin batera sortu zen, elkarteko kide Kontxi Rebolloren arabera, orduan «lehertu» baitzen osasun egoeraren larritasuna. Egoera, ordea, aspalditik dator: «Medikuek esan digute duela hogei urte jakina zela zer zetorren, eta, ordurako, medikuen falta landu behar zela». Elkarteko kidearen arabera, Osakidetza harribitxietan harribitxiena zen, baina bere gainbehera bermatu dute erakunde politikoek: «Pixkanaka-pixkanaka, murrizketak egiten joan dira, eta okerrena da, pribatizaziorako norabide batekin egin dutela».
Azken hilabeteotan, Egiako osasun etxean pairatu dira, batik bat, murrizketa horiek. Egia Bizirik auzo elkarteko Lola Calvok adierazi duenez, mediku faltak ezinegona nagusitu du auzoan: «Mediku asko egon dira bajan, eta ez da ordezkapenik jarri. Hori dela eta, itxaron zerrenda guztiak atzeratu egin dira, eta gainerako sendagileei dagokien kopurua handitu zaie».
Helduen arretak baino, haurrenak kezkatu ditu bizilagunak, bereziki. Egiako pediatra bat bueltatu den arren, osasun etxea haurrentzako profesionalik gabe egon da hilabeteetan, orduan zeuden biak bajan zeuden eta: «Noizean behin, beste osasun zentro batetik etorritako pediatraren bat izan dugu, bakarrik, baina batzuetan inor ere ez. Zorte pixka batekin, beste osasun zentro batera bidaltzen zituzten familiak, eta, bestela, larrialdietara jo behar izan dute». Gaineratu duenez, medikuak ez ezik, erizainak eta administrariak ere falta dira auzoko osasun etxean.
Rebollok, baina, argi utzi nahi izan du Egia ez dela kasu isolatu bat: «Ohar bat jaso dut esanez Amara Berriko Etengabeko Arreta Gunean ere murrizketak egingo dituztela». Antzeko mintzatu da Olatu Txuria plataformako Idoia Serna bozeramailea ere: «Intxaurrondoko osasun etxeak hogei urte ditu eta azpiegiturak berdin mantentzen dira geroztik. Eta, osasun zentro guztietan gertatzen den moduan, medikuak falta dira».
Sernaren arabera, halaber, osasun etxeetako lehen arretako sendagile gabeziaren aurrean, larrialdiak kolapsatzeko arriskua dago: «Larrialdiak larrialdietarako dira: akzidenteentzako, infartuentzako, iktusentzako eta abarretarako. Ez daude prest belarriko edo gernu infekzio baterako, edo gripe bat artatzeko».
Eskubide galera
Plataformek erakundeen jarrera seinalatu dute, egungo egoeraren erantzuleak bilatzerakoan. Azaldu dutenez, Osakidetza indartzeko mezuak bidaltzen dituzten bitartean, oso bestelako egoerak bizi dituzte osasun etxeetan: «Amorrua ematen digu. Ez dezatela esan zenbat diru jarriko duten, non jarriko duten baizik. Gure lehentasuna lehen arreta baita», adierazi du Rebollok.
Bide beretik jo du Olatu Txuria plataformako bozeramaileak ere: «Ituna dute mahai gainean duela bi hilabetetik, eta diagnostikoa egiten dabiltza oraindik. Bada, diagnostikoa oso erraza da: mediku eza eta itxaron zerrenda luzeak». Sernaren arabera, ez dago interesik lehen arreta berpizteko, eta pribatizazioa dute helburu: «Indartuko dutela esaten dute, jendea isildu dadin, eta ez gaitezen kalera irten».
DOPA plataformako Rebollok ere onartu du, itxaronaldi luzeetan kateatuta daudenez, osasun pribatuaren aldeko hautua ere gero eta gehiago zabaltzen ari dela ordaindu dezaketenen artean: «Eskubideak galtzen ari gara etengabe, eta badirudi hori onartzen ari garela».
Egoera horren aurrean, jendearen atxikimendu handiagoa izatea gustatuko litzaiekeela adierazi dute bi plataformetatik. Adierazi dutenez, erretiratuak izan ohi dira indar handiagoa dutenak. Horiek horrela, gazteekin lanketa abiatu dute Olatu Txurian.
Ordutegiak ere baldintzatzen dituztenaren jakitun, Egian antolatutako protesta bat arratsaldera pasatuko dute: «Elkarretaratzeak soilik egitekoak ginen, baina eguerdian egin ditugu eta jende askok ezin du parte hartu. Hori dela eta, abenduaren 18ko elkarretaratzea egin beharrean, manifestazioa egingo dugu arratsaldean, beste egun batean».
Erakargarri bihurtu beharra
Erakundeen pribatizazio nahiaz gain, lehen arretaren erakargarritasun eza seinalatu dute Olatu Txuria plataformak, arazoaren jatorriaz galdetuta: «Mediku gazteek ikusten dute ordu asko sartu behar dituztela, larunbat eta igandeak ez ezik, larrialdiak eta guardiak ere jartzen zaizkiela. Orain, gutxiago ordaintzen da, gainera», adierazi du Sernak.
Horiek horrela, ikasleek espezializazioen aldeko hautua egiten dutela azaldu du: «Medikuntzan sartzeko nota altua da, eta sartzen diren horietako gehienak espezializazioetara sartzen dira, lehen arretak duen ospe txarragatik. Nola izango ditugu ba medikuak etorkizunean?».
Ez DOPA, ez Olatu Txuria ez dira batere baikorrak etorkizunari begiratzen diotenean: «Hemendik urte batzuetara, igual ez dugu osasun arretarik izango, hori ordaintzeko dirurik ez badugu», adierazi du Rebollok. Hori dela eta, mobilizazioekin jarraitzeko asmo irmoa adierazi dute: Egian, elkarretaratzeekin jarraituko dute datozen asteetan, eta DOPAk manifestaziora deituko du Donostian, 2025eko otsailean. •