Sustraiak, ihesa eta eria
Filma: POR DONDE PASA EL SILENCIO
Zuzendaria: Sandra Romero · Urtea: 2024 · Herrialdea: Espainia
Malagako Nazioarteko Zinemaldiko Zuzendari Onenaren Zilarrezko Biznagaren irabazle bilakatu zuen Por donde pasa el silencio (2020) fikziozko laburra izan du abiapuntu Sandra Romero (Ecija, 1993) zinemagile andaluziarrak, lehen film luzea izan duen lan homonimoan: familia inperfektu batek eragindako zauriak eta itzulera ahalegin ezinezko bat.
Antoniok 32 urte ditu eta, gazte zela Madril aldera ihes egin ostean, Ecijara itzuliko da, jaioterria duen Andaluzia barnealdeko herrira. Aste Santua da, eta pazko oporraldia igaro asmoz itzuliko da etxera, bere familia eta gaitz fisikoa pairatzen duen eta bere laguntza behar duen Javier anaia bikia bisitatzera. Hala, urteetan saihesten ahalegindu den erabakiari aurre egin beharko dio protagonistak: herrian gelditu eta zaintza lanetan murgildu edo Madrilen eraiki duen bizitza berrira itzuli.
Banakotasunaren eta kolektiboaren (edo pertenentziaren) arteko talka da zinemagileak aurkezten duen gai nagusietako bat, eta errealitateari eustea izan du horretarako tresna nagusia: Antonio Araque protagonistarekin batera, honen anaia-arreba diren Javier eta Maria aktore ez-profesionalekin osatu du multzo artistiko nagusia, eta beren bizitzaren zati handi bat da filmean islatuko duen hori. Izan ere, benetako gaixoa da Javier, eta agerian utziko du kameraren aurrean gaixotasunak sortzen dion atsekabea. Era berean, bere anaia bikiak sentitzen duen errua azaleratuko du ere, gaixotasun bera ez pairatzeko zortea izan duelako eta, gainera, lagundu beharrean, urrutiratzeko hautua egina duelako.
Film izugarri pertsonal honek tinko heltzen dio errealitatearen gordinari eta, hain zuzen, errealitate horretatik bertatik ateratzen ditu Romerok gehien interesatzen zaizkion auzi eta emozioak: familia dinamikak, komunikazio eza, maitasuna, zenbait loturen arteko toxikotasuna eta zirkulua hausteko aukera.
Hala, esan daiteke zinta osoa protagonista bakoitzaren hutsune, arrakala eta isiluneetatik doala, benetako istorioaren negatiboak bailiran. Bada, anaia eriaren zorigaitzean islatuta ikusten duten guztia da, egiaz, istoriotik axola duena. Emozio isilak dira, ordea. Isiltzen diren horien guztien gainean, isiltasunak berak utzitako oihartzunaren gainetik eraikitako klaseko eta bazterreko lan dramatikoa baita honakoa.
Atzera begira ipintzen gaituen urteko sasoi honetan, «urteko debuta» izendatu dute aditu askok. 2024ak emandako istorio berri guztiak ezagutzeko aukera eduki ez dudanez, ekina, ausardia eta eraikitako ahots propioa goraipatu nahi dizkiot nik: egiteke dituzun urrats berrien zain izango nauzu, Romero.