Vicente Casanova Forcada: Mauthausengo 6.603 presoa
Ez ziren gutxi izan kontzentrazio esparru nazietatik pasatu ziren euskal herritarrak, asko Frantziako armadarekin borrokatu baitziren nazien aurka. Horietako baten historia aurkituko duzue hurrengo lerroetan: Vicente Casanova Forcada anarkistarena.
Gipuzkoako CNTren Oroimen Taldea buru-belarri dabil faxismoak errepresaliatutako bere militanteen historia azaleratu eta euren memoria aldarrikatzeko lanetan. Hain zuzen ere, Vicente Casanova Forcadaren historiaren hariari tiratu diote oraingoan.
Sindikatu anarkistako Oroimen Taldeko kide Josetxo Etxeberriak azaldu duenez, Casanovaren inguruko «fitxa txiki bat» baino ez zeukaten, datu batzuk baino ez zituena. Horrela, haren inguruan gehiago jakin nahian, han eta hemen galdetzen hasi zen, arrakastarik gabe hasieran. Azkenean, ordea, bere betiko lagun bati esker jarraitu ahal izan zuen haria: «Gogoratu nintzen auzoko lagun baten abizena Casanova dela; galdetu nion, eta Casanova-Forcada direla esan zidan. Horrela, ikertzen hasi ginen eta konturatu ginen euren senidea zela Vicente».
Familiarekin ez ezik, Etxahun Galparsoro historialariarekin ere hitz egin dute CNTkoek, haritik tiratzen jarraitzeko. Izan ere, Bilbao en Mauthausen liburua (Critica, 2020) argitaratu zuen Galparsorok, eta, kontzentrazio esparru nazietatik pasatutako euskal herritarren historian aditua da.
Bakunin batailoitik, Atzerriko Legiora
1917ko martxoaren 6an jaio zen Vicente Casanova Forcada, Donostian, familia Siresakoa bazen ere (Aragoi, Espainia); Federico eta Nieves ziren bere gurasoak. Ile moztailea ofizioz, 1936ko uztailaren 18an frankistak Espainiako Errepublikaren aurka altxatu zirenean, Bizkaira joan zen. Han, CNTren Bakunin batailoian sartu zen, bertan frankisten aurka borrokatzeko, 1937an zehar.
Galparsorok Vicenteri buruz egindako fitxan dioenez, ez dago informaziorik 1937tik 1939ra egin zuenaren inguruan, baina litekeena da, miliziano ugarik egin zuten moduan, Bizkaia frankisten mende erortzean muga pasatu izana, ondoren Katalunian jarraitu izana borrokatzen eta, gerra galdu ostean, muga berriz gurutzatu izana, erbesteratzeko. Era berean, fitxak jasotzen duenez, litekeena da Frantziako kontzentrazio esparruetatik pasatu izana, «boluntario» gisa sartu baitzen Frantziako armadaren Atzerriko Legioan.
Gogoratu behar da, hain zuzen ere, estatu osoko milaka errepublikano Frantziako Estatura erbesteratu zirela 1939an eta bertako kontzentrazio esparruetan sartu zituztela hasieran. Adolf Hitlerren Alemaniak Polonia inbaditu zuenean, ordea, Frantziak gerra deklaratu zion Alemaniari, eta soldaduak behar zituenez, errepublikano asko presionatu zituen bere armadan sartu zitezen.
Vicente 1939ko urrian sartu zen Atzerriko Legioan, eta naziek 1940ko ekainaren 9an harrapatu zuten, Soissonsen. Bi presondegitatik pasatu zen, 1941eko martxoaren 25ean Buchenwaldeko kontzentrazio esparrura eraman zuten arte. Bertan, Gestapo Polizia naziak galdekatu zuen eta, anarkista zela ikusita, Mauthausengo kontzentrazio esparru ankerrera eraman zuten, ekainaren 14an. Hamabigarren barrakoian sartu zuten, 6.603 preso zenbakiarekin. Vicentek lau urte aguantatu zituen han, eta, beste asko ez bezala, bizirik atera zen Mauthausendik, naziek gerra galdu zutenean, 1945ean.
Hain zuzen ere, Urdina eskultura jarri zuen udalak Aieten 2021ean, kontzentrazio esparru nazietan egondako 22 donostiarren omenez, eta bertan idatzita dago Vicente Casanova Forcadaren izena.
Borrokarako memoria
Etxeberriak kontatu duenez, familiak beraiekin batera ezagutu du Vicenteren historia osoa, ezer gutxi baitzekiten. Are gehiago, artxiboetan begiratuz, Vicenteren anaiak ere faxismoaren aurka borrokatzen aritu zirela jakin ahal izan dute: «Federico karabineroa zen, UGTren ingurukoa, Errepublikaren alde borrokatutakoa; Felipe Santanderren desagertu zen, borrokan ari zenean, han nonbait egongo da lurperatua; Luis Dragones batailoi sozialistan borrokatu zen eta Francisco ere borrokan aritu zen, baina ez dago informazio handirik. Bestalde, Fructuoso izeneko anaia ere bazuten, baina gazteegia izango zen borrokan ibiltzeko. Euren ondorengoek gurekin batera jakin dute hau guztia eta txundituta daude».
Senideen hariari tiraka azaleratu dute Vicente Casanova Forcadaren anarkistaren historia, eta, horregatik, jendea lan bera egitera deitu du Etxeberriak, egungo mehatxuei aurre egiteko baliagarria izan daitekeelako: «Egiten dugun lan hau, hein handi batean, da jendea animatzeko ariketa pertsonala egitera: etxeko paperak berrikusi, galdetu, argazkiak ikusi… beti dago zerbait. Betiko arriskuak —faxismoa, arrazakeria, eta abar— gainean ditugun honetan, garrantzitsua da borroka hauek eta borrokalari hauek gogoratzea. Ez dira ehun urte ere pasatu, eta galdu dugu borroka horien memoria. Memoria hori berreskuratu behar dugu, baina ez museoetarako, baizik eta borrokarako».