700 gaztek parte hartuko dute Xare jardunaldietan eta Euskara Batzordeen Topaketan
Xare Euskarazko Kultura Digitalaren bosgarren jardunaldiak hilaren 11n eta 12an izango dira, EHUren Ibaetako campusean. Donostiako Udaleko Euskara Zerbitzuak antolatu ditu, eta hiriko Batxilergoko lehen mailako 600 ikaslek parte hartuko dute. “Gaur egungo donostiar gazte gehienek euskara dakiten arren, eduki digitalen kontsumo gehiena gaztelaniaz edo ingelesez egiten dute. Horri aurre egitea da helburua”, azaldu dute.
Ikasleek goiz osoa emango dute campusean, hiru gune nagusitan banatuta:
Ikas aretoa (Carlos Santamaria zentroa)
- Gamer gela, Game Erauntsia.
- Arduino; robotikan eta automatizazioan murgildu, Protomakers.
- Musika sortu, nahastu eta zabaltzeko aplikazioak, Dj Makala.
- 3D inprimagailuak, Protomakers.
- Bideo mappinga; proiekzioak objektuen geometrietara doitu, Elurmaluta.
- App Inventor, Talaios.
- Errealitate birtuala, Protomakers.
- Argazkilaritza mugikorrarekin, Instagram baino gehiago, Oier Fuentes.
Era aretoa (Carlos Santamaria zentroa)
- Pribatutasuna Sarean, Maider Likona informatika ingeniaria, Gisa elkartea. Sare sozialetan erabiltzaileek uzten duten arrastoaz eta honen ondorioez jardungo dute.
- Harremanak 3.0: like bat eman, Ane Ortiz sexologoa. Esparru digitaleko harreman afektibo-sexualen eredua aztertzeko, eta arriskuak gutxitzeko edo saihesteko baliabideak jorratuko dituzte.
Jolas aretoa (Ignacio Maria Barriola Zentroa, areto nagusia)
- Gazteek euskarazko IKTk erabiltzea esperientzia ludikoarekin lotu dezaten nahi du Xare ekimenak. Horretarako, Egunean Behin jokoaren zuzeneko partida batean lehiatzea proposatuko diete gazteei.
- Zilibito Records taldearen kontzertua, 10:45ean.
Euskara Batzordeen 6. topaketa
Hilaren 13an, euskara sustatzeko motibazioa duten 100 bat gaztek parte hartuko dute Euskara Batzordeen seigarren topaketan, Tabakaleran. “Euskararen presentzia eta erabilera areagotzeko asmoz ikasleez osaturiko euskara batzordeak eratzen dituzte zenbait ikastetxetan.Gazte horiek ikasturtean zehar hizkuntzaren erabilera sustatzeko eta euskararekiko sentiberatasuna sustatzeko hainbat jarduera egiten dituzte eskolaren eremuan”, azaldu du Euskara Batzordeak.
Topaketan honako ikastetxe hauek parte hartuko dute: Altza BHI, Antigua-Luberri BHI, Arantzazuko Ama BHI, Axular, Ekintza, Elizaran, Lauaizeta BHI, Nazaret, Zubiri-Manteo BHI.
Aurtengo ikasturtean elkarlanerako urrats bat gehiago egin dute euskara batzordeek: lehen hiruhilekoan, Tabakalerako topaketa baino lehen, Kutxa jokoa izeneko jarduera aurrera eraman dute haien ikastetxeetan. Topaketaren ondoren, urtarriletik apirilera, beste bi ekintza prestatuko ditu batzorde bakoitzak bere ikastetxean: batetik, ihes-joko bat sortuko dute, eta bestetik, beraien gustuko euskal musikarekin zerrenda osatuko dute. Aisialdia eta gozamenarekin loturiko ekintzak dira, ikaskideak erakartzeko asmoz egindakoak. 2024-2025 ikasturteari amaiera emateko bigarren topaketa egitea aurreikusi da Tabakaleran.