«Informatikariok ez bagenuen euskararen teknologia lantzen, nork landuko zuen?»
Arantza Diaz de Ilarraza informatikari donostiarra elkarrizketatu du 'Gipuzkoako Hitza'-k. EHUko irakasle eta ikerlari aritu zen urtetan, eta, orain, Gaindegian egiten du lan.
EHUk irakasle oso izendatu zuen aurreneko emakumea izan zen Arantza Diaz de Ilarraza informatikaria (Donostia, 1957). Informatika ikasi zuen Donostiako EHUko Informatika Fakultatean, eta irakasle sartu zen ikasketak amaituta. Ixa Taldearen zuzendaritzako kidea ere izan zen. Duela bi urte erretiratu zen, baina Gaindegia Behategiaren komite zientifikoan ari da egun lanean. Gipuzkoako Hitza-k egindako elkarrizketaren pasarte batzuk jaso ditugu. Osorik hemen irakur dezakezue.
Txikitatik jakin zenuen Informatika ikasi nahi zenuela?
Ez. Nik Matematika ikasi nahi nuen, baina garai hartan ez zegoen Donostian Matematika ikasteko aukerarik, eta nire etxean ez zuten nahi ni kanpora ikastera joaterik. Zalantza izan nuen Kimikaren eta Informatikaren artean, baina familian beti dago norbait esaten duena Informatika ikasteak etorkizun handia duela. Seguruenik, esaldi magiko horrek bultzatuko ninduen Informatika ikasteko erabakia hartzera.
Eta gustura gelditu zinen erabakiarekin?
Tira, gauza batzuk gustatzen zitzaizkidan eta beste batzuk, ez. Baina, orokorrean, Informatikan egin behar nituen lanak ez zitzaizkidan batere gustatzen.
Zergatik?
1970eko hamarkada zen, eta orduan enpresen administrazioa zen Informatikan ikasten genuen dena. Karrera inguruko enpresetan erabiltzen ziren aplikazioetara zegoen zuzenduta, batez ere. Jendeak uste du hori dela informatika, enpresen administrazio eta kudeaketa lanak egitea, baina asko eta asko du matematikatik. Lehen, egia da, informatikak atzean duen matematika hori erlaxatuta zegoen. Gaur egun, ez. Euskara adimen artifizialera eramateko ahaleginean ari zinen buru-belarri, baina garai horretan hasi zinen euskalduntzen. Bai. Lehenago ez nekien euskaraz, nire familian inork ez baitzekien, eta eskolan ez baitzigun inork irakatsi. Nire hurbileko kideek eta nik gazteleraz egin genuen tesia, edo, bestela, frantsesez. 1980ko hamarkadan hasi ginen gai batzuk euskaraz ematen. Hor hasi nintzen euskaran gehiago sakontzen, ikasgai batzuk euskaraz emateraino.
Egun ChatGPT denaren antzeko zerbait?
Bai, baina historiaurrekoa. Hipotetikoa zen tesirako landu nuena, ezinezkoa baitzen horrelako zerbait egitea, baina programatzeko eman beharreko pauso guztiak ulertzen lagundu zidan niri. Lau urrats bete behar zituen sistemak. Lehenengo, morfologia: ikasleak idazten zuena morfologikoki aztertu behar zuen, aditzak, izenak eta gainerakoak identifikatuz. Sintaxia zen hurrengo pausoa; sistemak identifikatzea subjektua, objektua… Ondoren, semantika: hitz bakoitzaren esanahia ezagutzea. Eta azkeneko pausoa zen nire lana: pragmatika. Azken puntu horretara iristeko, morfologiaren, sintaxiaren eta semantikaren mailak muntatuta eduki behar nituen. Semantikan eta pragmatikan konplexuagoa zen, baina morfologian eta sintaxian gauza politak ateratzen ziren.
Hala, hizkuntzaren teknologian espezializatu zinen. Euskararen alorrean?
Bai. Ordurako hasiak ginen euskara teknologietara egokitzeko lanean. Gainera, gazteleraren alorrean ikasten ari nintzen guztiak balio izan zidan ondoren euskarara ekartzeko. Izan ere, guk ez bagenuen euskararen teknologia lantzen, nork landuko zuen? Garai hartan inork ez zekien ezer horretaz. Gu kongresuetara joaten ginen, eta ikusten genuen gainerako herrialdeetan zer-nolako garapenak egiten ari ziren, eta argi genuen guk ere garatzeko beharra genuela.