Hiriko hainbat gunek itxita jarraituko dute, eguraldia dela eta
Donostiako Udaleko Babes Zibilak jakinarazi duenez, indarrean jarraitzen du alerta laranjak euria, haizea eta olatuak direla eta. Ondorioz, Pasealeku Berriak itxita jarraitzen du oinezkoentzat eta ibilgailuentzat, Leizaola pasealekua eta Haizearen Orrazia ere itxita daude eta baita parke hauek ere: Gladys Enea, Serafin Baroja, Oroimena, Aiete (kultur etxerako sarbidea izan ezik), Urgull (Orixe Ikastolarako sarbidea izan ezik) eta Miramar (Loretope eta Mirakontxa arteko pasabidea izan ezik).
Eguraldi iragarpenaren arabera, alerta egoerak gaur goizean amaituko dira. Hala ere, udalak azaldu duenez, itxierek indarrean jarraituko dute egun osoan zehar, berriro ireki ahal izateko ikuskapenak egin arte. Aurreikusita dago, halaber, astearterako parke guztiak eta pasealekuak ireki ahal izatea. Larunbateko 08:00etatik gaurko 06:00etara, 300 esku hartze egin behar izan dituzte suhiltzaileek denboralearen harira, gehienbat, ur baltsak, zuhaitz erorketak eta bide publikora beste hainbat elementuren erorketak direla eta.