Indarkeria matxistaren biktimentzako arreta «indartu» du udalak
Donostiako Udaleko Gizarte Ekintza Sailak indarkeria matxistaren biktima diren emakumeentzako eta haien ardurapeko adingabeentzako arreta zerbitzuko instalazioak eta lantaldea handitu ditu. “Zerbitzua hobetzeko arrazoia emakumeen eta haien seme-alaben aurkako indarkeria matxista da. Izan ere, azken horiek izaten dira amek pairatzen duten indarkeriaren biktima zuzenak. Horregatik, arretarako instalazioak egokitzeaz gain, adingabeen beharretan aditua den profesional bat ere arituko da lantaldean”, azaldu du Mariaje Idoeta Gizarte Ekintzako zinegotziak.
Hain zuzen ere, Urdaneta kalean dauden udal bulegoak birmoldatu dituzte, espazioa bikoiztuz. Orain, bi arreta gune izan ordez, lau izango ditu: hiru areto beheko solairuan eta bat hurrengo solairuan. Horrez gain, itxaron gela integratu berri bat ere sortu dute emakumeentzat eta haien senideentzat; gune hori aparteko leku batean egongo da, “bertara iristen direnen intimitatea bermatzeko”.
Lantaldeari dagokionez, udalak azaldu duenez, hiru profesional izatetik lau izatera igaro da, eta laugarren hori psikologo bat izango da. Udalaren ustez, “profesional hori gehitzeak aukera emango du indarkeria matxista jasaten duten biktimei begirada globalagoa eskaintzeko; izan ere, indarkeria hori jasaten duten bizikidetza unitateetako adingabeengan jarriko du arreta bereziki, eta, beraz, esku hartzea haurrak eta nerabeak indarkeriaren aurrean erabat babesteko ikuspegitik ere egingo da”.