Sortzaileen ateak irekiko ditu Tabakalerak
Ostiraletik igandera bitarte askotariko jarduerak antolatuko dituzte Tabakaleran, sortzaileen lana ikusarazteko.
Abenduaren 13an eta 14an, Tabakalerak ateak irekiko ditu normalean itxita dauden ateez bestalde gertatzen dena bistaratzeko. Asteburuan zehar herritarrek aukera izango dute kultura garaikideko zentroaren txokoak arakatzeko eta Artisten Gunea zein bertako sortzaileen jarduna ezagutzeko.
Erakusketetatik hasi eta sorkuntza tailerretaraino, bertako eta nazioarteko artistekin hitzaldiak eta zuzeneko ikuskizunak izango dira, besteak beste. Ostiraleko programa Elias Kerejeta Zine Eskolan hasiko da bertako ate irekien jardunaldiarekin. Eskolak EQZEren proiektua ezagutaraztea du helburu, baita azken urteotan eskolan ekoitzi diren zenbait lan aurkeztea ere.
Arratsaldean, Tabakalerako Artisten Guneak bere ateak irekiko ditu bertako artisten estudioak bisitatzeko. Andrea Aguilera, Miren Bayona, Cesare Botti, Alba Fernandez, Maria Garcia Marraco, Zuriñe Mariño, Mar Reykjavik, Ainize Sarasola, Emmy Skensved eta Noa Verkeyn sortzaileen jarduna bertatik bertara ezagutzeko modua izango da.
Larunbatean, berriz, hirugarren solairuko beste gune batean, Eginzaleak! 2024 “egitearen” kulturari buruzko topaketa egingo dute, teknologiaren, sormenaren eta ezagutza partekatuaren inguruko lankidetza praktikak ezagutarazteko. Aurten, Eginzaleak! ekimenaren edizioa Food Hack Lab-ekin lankidetzan egingo da, elikaduraren balio-kate osoan esku hartzen duten teknologiak aztertzen dituen talde irekiarekin.
Era berean, zinema eskolako ikasleek zuzendutako bi film laburrek osatuko dute programa: Julen Etxebarriaren El tercer paisaje eta Mario Velosoren Chuvas de verão.
Musika ere izango da Tabakaleraren ate irekien asteburuan. DJ N4JU arduratuko da Artisten Gunea girotzeaz, eta larunbatean, hilak 14, Tabakalerako Prisman Putas Amak-en eta LaMia Mariren kontzertuekin itxiko da ekitaldia. Antolatzaileek aurreratu dutenez, sarrera doakoa izango da jarduera guztietarako.