Udalak hiru lursail laga dizkio Jaurlaritzari, 240 zuzkidura etxebizitza egin ditzan
Morlans eta Loiolako Erribera auzoetako lursailak dira hirurak. Aldi baterako etxebizitzak egingo dituzte, gazten emantzipazioa sustatu eta adinekoentzako behin behineko etxebizitzak sortzeko.
Donostiako Udalak hiru lursail laga dizkio Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorrari, hirian gazteentzako eta adinekoentzako zuzkidura etxebizitza sor ditzan. Hala, hilabete luzez mantendutako iritzi juridiko kontrajarriak gainditu dituzte bi erakundeek. 240 etxebizitza sortzeko proiektuak aurrera egingo du eta, beraz, aurreikusitako dorreak eraikiko dituzte Loiolako Erriberan.
Eneko Goia alkateak gogorarazi duenez, udalean aspalditik landu duten gai bat izan da: “Eztabaida juridiko konplexu baten aurrean gaude. Baina bien artean bilatu dugu honen irtenbidea”. Lagapen hori plan bereziaren izapidetzean kateatu da, izan ere, Donostiako Udalak administrazio publikoen arteko herri jabariak aldatzeko prozedura bidez egiten behar zela esaten zuen; hau da, lur sailaren titulartasuna baino, lur sail horien erabilera lagapena eskaintzen zuen. Eusko Jaurlaritzak, berriz, partzela zuzenean eta doan lagatzeko eskatzen zion udalari, aurkeztutako etxebizitzen proiektuarekin aurrera egiteko.
Afera 2020tik egon da kateatuta, azken hilabeteotan udalak bere baiezkoa eman duen arte. Hala, Etxebizitza sailak eskatu moduan, lagapen zuzenaren bitartez transmitituko dituzte lursailak. Gaur bertan onartu du operazioa udal gobernuak, eta lagapena eginda, erregistroan inskribatuko dute, alkateak azaldu moduan, “Jaurlaritzak xehetasunezko azterketa guztiak egin ditzan, onartu eta eraikuntzari ekin diezaion”.
160 Morlansen, 80 Loiolako Erriberan
Lur azaleraren arabera, Loiolako Erriberan, 100 etxebizitza zituzten aurreikusita, baina auzotarren kritiken ostean, Eusko Jaurlaritzak kopurua 80 etxebizitzara jaistea erabaki zuen. Morlansen, berriz, 160 eta 180 etxebizitza artean eraikitzea aurreikusten dute. Nolanahi ere, udaletik argitu dute batekoak zein bestekoak estimazioak baino ez direla, eta “Eusko Jaurlaritzak behin betiko proiektuak onartzen dituenean” zehaztuko direla kopuruak.