Armendarizen 'Nafarroako ikazkinak' film zaharberritua proiektatuko dute Donostian
Euskadiko Filmategiko Kontserbazio Sailak Nafarroako ikazkinak (Montxo Armendariz, 1981) filma zaharberritu du, eta Tabakaleran proiektatuko dute igandean (hilak 15), 19:00etan, Armendarizen beraren Tasio (1984) zaharberritutako filmarekin batera. Bertan egongo da zinemagile nafarra, halaber.
Filma zaharberritzeko lanak Spinner S eskanerrarekin egin dituzte. Euskadiko Filmategiak azaldu duenez, 2023ko amaieran eskuratu zuen MWA enpresa alemaniarraren ekipo aurreratu hori, lehiaketa publiko baten bidez eta Eusko Jaurlaritzaren finantzaketarekin. Gailu horrek formatu guztietan digitaliza dezake, eta 13,5 K arteko kalitatea lortzen du. “Ezaugarri horiei esker, zehaztasun handienarekin digitalizatu eta zaharberritu ahal izan dira obra honen fotogramak, irudien eta soinuaren kalitateak Armendarizen jatorrizko asmoa fideltasunez islatzen duela ziurtatuz”, nabarmendu du Filmategiak.
Dokumentalak Nafarroako mendietako azken ikazkinen bizitza erakusten du, eta Lokiz mendilerroko tradizioen eta giza paisaiaren testigantza bat da. Lan hau egiten ari zela, zuzendari nafarrak Anastasio Otxoa ezagutu zuen, eta hark Tasio (1984) filmeko pertsonaia nagusia inspiratu zuen gerora.
Filmategiaren ustez, bestalde, “lan horrek inflexio puntu bat markatzen du euskal ikus-entzunezkoen ondarea kontserbatzeko zereginean, eta Euskadiko Filmategiak gure memoria filmikoa zaintzeko eta zabaltzeko duen konpromisoa berresten du”.