Donostiako eragile ugarik babestu dute etxebizitza eskubidearen aldeko manifestazioa
Etxebizitza eskubidea bermatu. Negozioari ez! lelopean, manifestazio handi bat antolatu dute larunbat honetarako Euskal Herriko etxebizitza sindikatuek. Bilbon izango da, 13:00etan Plaza Eliptikotik abiatuta.Euskal Herri osoko 220 kolektibok eman dute atxikimendua, tartean, Donostiako hainbat eta hainbatek.
Antolatzaileek helburutzat izan dute “etxebizitzaren arazoaren errora jotzea”, ohartarazi baitute, “etxebizitza negozioa den bitartean, inoiz ez dela eskubidea izango”. Seinalatu dute “etxebizitzaren merkantilizazioak langile klasearen osotasunari eragiten” diola, “gero eta gehiago eta gero eta gogorrago”, baina “askorentzat eguneroko arazoa den hori, beste batzuentzat negoziorako aukera” dela. Hala, “putre-funtsek, bankuek, industria turistikoak, erakunde publikoek edo inbertitzaile handiek etxebizitzaren merkatutik gero eta irabazi handiagoa ateratzen dute”, etxebizitza sindikatuen esanetan: “Gutxi batzuen aberastasunaren eta jabetzen atzean, gehienon pobrezia eta desjabetzea ezkutatzen dira”.
Donostiako ondorengo herri eragile hauek eman dute atxikimendua: Kaleratzeak STOP Donostia, Donostiako Hiritarron Harrera Sarea, Basajaun elkartea, Bizilagunekin plataforma, Birunda, Egia Bizirik Auzo Elkartea, Haritik Hirira, Hondarpe Groseko Auzo Elkartea, Infernua Bizirik, Kaleko Afari Solidarioak, Kaxilda, Piztu Donostia, Satorralaia, Txago, Guztiontzako Egia Auzotar Sarea, Donostiako Asanblada Transbollomarika, Alde Zaharreko Gazte Asanblada eta Txantxarreka gaztetxea. Horiez gain, Donostiako honako eragile politiko eta sindikalek ere babestu dute deialdia: CNT, ELA, LAB, Askapena, Kontseilu Sozialista, EHGAM, Itaia eta Ernai.