Realak erantzukizunak eskatu dizkio Ertzaintzari, Amaia Zabarteren kasuarengatik
Akziodunen batzar nagusia egin zuten asteartean, eta klubaren aurrekontuek babes zabala jaso zuten. Beste hainbat gairen inguruan ere mintzatu zen Aperribai.
Realak akziodunen batzar nagusia egin zuen astearte arratsaldean Kursaalean, Jokin Aperribai presidentea buru. Hainbat gairen inguruan aritu ziren akziodunak, baina nabarmentzekoa da Amaia Zabarteren inguruan hitz egindakoa.
Gogoratu behar da Ertzaintzak larri zauritu zuela Zabarte martxoaren 5ean, Realak eta Paris Saint Germainek Anoetan jokatu zuten partidaren atarian gertatu ziren istiluetan; Zabarte ez zen istiluetan parte hartzen ari, baina, ustez, foam pilota batekin jo zuen, eta gertaeren inguruan argitaratu ziren bideoetan ikusten da ertzain batek ostiko bat eman ziola 44 urteko emakumeari, lurrean zegoela.
Horrela, Berria egunkariak jaso duenez, Joseba Novoa senarrak hitz egin zuen atzoko batzarrean, eta Aperribaik familiari egindako deiak eskertu bazituen ere, salatu zuen klubak publikoki kondenatu ez izana gertatutakoa: “Ertzain baten ordez beste talde bateko ultra bat balitz, berdin jokatuko zen? Bihotz-bihotzetik hau da sentitzen dudana”. Aperribaik erantzun zion klubak ez zuela sentitu publikoki ezer komunikatu behar zuenik, “gertu egoteko beharra” sentitu zutela baizik. Era berean, nabarmendu zuen klubak “erantzukizunak” eskatu dizkiola Ertzaintzari: “Erantzungo digutela esan digute. Joseba seguru egon daiteke ez nituela nire hitzak neurtu esan nuenean gertaerak sentitzen nituela. Gure asmoa familiarengandik gertu egotea eta Ertzaintzari egoera argitzeko eskatzea izan zen. Joseba seguru egon daiteke gertaerak argitzea exijituko dugula”.
Istiluen eta Realaren partiden harira Amara Berrin sortzen diren eragozpenen inguruan, presidenteak azaldu zuen klubeko ordezkariak Amara Berriko auzo elkartearekin bildu direla, eta agindu zietela taldearen ongietorriak beste eremu batean egingo dituztela. Hain zuzen ere, Errondo pasealekutik etortzen zen orain arte taldearen autobusa, baina ospitaleetatik jaitsiko da orain, eta Anoetako instalazioetatik bira egin ondoren, taldeak sartzen diren atean geldituko da, horrela auzoan eragin gutxiago izango dutelakoan.
Aurrekontuak
Segurtasunaz gain, diru kontuez ere hitz egin zuten batzar nagusian, jakina. Klubaren kapital sozialaren %33,6ak hartu zuen parte akziodunen batzar nagusian, eta %99tik gorako babesarekin onartu zituzten pasa den denboraldiko eta denboraldi honetako aurrekontuak.
Azaldu zutenez, aurreko sasoian, klub txuri-urdinak 181,8 milioi euro jaso zituen, inoiz baino gehiago; bereziki, Txapeldunen Liga jokatzeagatik 47 milioi euro jaso zituelako. Diru sarrera horietatik, 180,6 milioi euro gastatu zituen; 103 milioi soldatak ordaintzeko. Horrela, 1,2 milioi euroko irabazia izan zuen klubak.
Aurten, aldiz, Europa Liga jokatzen ari da Realeko gizonezkoen taldea, eta, beraz, 22 milioi euro jasoko ditu. Gutxiago jasoko du telebista eskubideengatik ere, pasa den denboraldian 78 milioi jaso baitzituen, eta aurten 69 jasoko baititu. Horrela, 149,6 milioi euroko aurrekontua dauka klubak sasoi honetarakoa, eta 1,5 milioi euroko irabazia aurreikusi du. Bestalde, “klubak egoera ekonomiko sendoa eta egonkorra” duela nabarmendu zuen Aperribaik, “77,9 milioi euroko ondare garbiarekin”.
Anoeta eta Zubieta
Azpiegiturez ere mintzatu zen Aperribai, eta azaldu zuen Anoeta estadioko edukiera handitu nahi duela klubak, 10,6 milioi euro inbertituta, 2.070 eserleku gehiagorekin; hala ere, lanak egiteko lizentzia oraindik ez dauka klubak. Izan ere, 40.000 ikusle inguru sartzen dira egun Anoetan, klubak 37.936 bazkide ditu eta 5.815 pertsona daude itxaron zerrendan. Bazkideetatik, Aperribairen arabera, “ia %20 emakumeak dira eta 15 urtetik beherakoen artean, %28 neskak dira”. “Joan den denboraldian, 32.726 ikusle izan genituen bataz beste. Bederatzi partidetan sarrerak agortu ziren. 4.768 RS Fan ditugu”, gehitu zuen.
Zubietako instalazioei dagokienez, presidenteak azaldu zuen 2022-2026ko aldian 35 milioiko inbertsioa egin dela, Gainditu eta Gorabide eraikinak birmoldatuta: “Dagoeneko amaituta daude, belar hockeyko zelaiaz gain. Bestalde, Izan eraikinaren azken fasea, emakumezkoen futbolerako dena, ekainean amaituko da. Laster, z3 eta z8 zelai berriak eraikitzeari ekingo zaio”.