Zer plan astebururako?
Gipuzkoako Bertsolari Txapelketako finaletik harago, kultur eta aisialdi eskaintza zabala dago Donostian astebururako.
Argi dago, asteburuko kultur zita nabarmenena larunbateko bertso finala da, Illunben, 17:00etan. Hala ere, horrez gain beste planen bat egin nahi baduzue edo finalera ez, baina beste ikuskizunen batera joan nahi baduzue, gure agendan aurkituko dituzue zenbait aukera eta hemen dituzue gomendio batzuk.
Ostiralean (hilak 13), Tabakaleran Voodoo Preachers eta Actual Groove Trio jazz taldeen kontzertuak ikustea gomendatzen dizuegu, 21:00etan. Musikeneko taldeak dira, eta musika ona ziurtatuta dago. Sarrera doakoa izango da.
Larunbatean, azoka bat proposatuko dizuegu: Kale Berriko Azoka. Groseko Arteuparte denda eta estudioak antolatu du, Kale Berrian, eta askotariko objektuak egongo dira salgai, egun osoan zehar; merezi du buelta bat emateak!
Igandean, film proiekzio batera animatu nahi zaituztegu. Izan ere, Euskadiko Filmategiak berriki zaharberritu ditu Montxo Armendarizen 1981eko eta 1984ko Tasio eta Nafarroako ikazkinak filmak, eta proiektatu egingo dituzte Tabakaleran, 19:00etan. Sarrerak 4 euroan daude salgai.