Dbiziko langileak, lanez gainezka eta prekaritate larrian
Dbizi zerbitzua abian jarri zutenetik, asko hazi da langileen lan karga; lan baldintzak eta baliabideak, ordea, ez dira aldatu. Horren aurrean, LAB sindikatuarekin batera, baldintzak duintzeko borrokan hasi dira. Arduradunek ez badute erantzuten, argi dute: «Grebara goaz».
Donostiako Udalak duela lau urte jarri zuen abian egungo bizikleta publikoen Dbizi zerbitzua, Dbus autobus konpainiaren barruan. 46 geltoki eta 437 bizikleta zituen orduan zerbitzuak, eta 6.073 abonatu izatera heldu zen lehenengo urtean. Egun, ordea, oso bestelakoak dira datuak: 69 geltoki daude hirian sakabanatuta, 634 bizikleta daude eta 13.508 abonatu izatera heldu da aurten.
Horrek guztiak, noski, zerbitzuko langileen eguneroko lanean eragin zuzena dauka, gehiago direlako eginbeharrak, intzidentziak, eta abar. Aldiz, langileek salatu dutenez, lan baldintzak eta baliabideak ez dira aldatu 2020tik, eta ezinezkoa zaie egin behar duten guztia egitea. Hori dela eta, Izar Eizagirre eta Cesar Gimenez langileek azaldu dutenez, LAB sindikatura jo dute.
«Sekulako prekaritatean»
Eizagirrek argi azaldu du zein den euren egoera lanean: «Sekulako prekaritatean ari gara lan egiten». Zerbitzua publikoa bada ere, Urbaser eta Movus enpresek osaturiko ABEEak kudeatzen du, eta Urbaserren soldatapean daude Dbiziko hamabi langileak, baldintza txarretan eta estatuko hitzarmen batekin: «Oinarrizko soldata ez da 1.000 eurora ere heltzen, eta gehien kobratzen duenak 1.200 euro kobratzen ditu, lanaldi osoan eta ordu pila egiten», salatu du Eizagirrek. Gimenezek lau urte daramatza Dbizin, eta, nabarmendu duenez, hori ez da aldatu. «900 euroko alokairua ordaintzen dut eta 1.200 euro kobratzen ditut; beste lan bat daukat, bestela ezingo nukeelako bizi. Ez dute inoiz keinu on bat bera ere eduki gurekin, eta ez da horren zaila gauzak ondo egitea», deitoratu du.
«Oinarrizko soldata ez da 1.000 eurora ere heltzen, eta gehien kobratzen duenak 1.200 euro kobratzen ditu, lanaldi osoan eta ordu pila egiten»
Izar Eizagirre, Dbiziko langilea
Soldata ez da arazo bakarra, geltoki, bizikleta eta erabiltzaile kopurua handitu bada ere, langile eta baliabide kopurua ez baita igo. «Lanera sartzen zaren unetik estresatuta zaude, sekulako gainkarga duzulako: sartzen zarenerako, esaterako, zazpi bateria dituzu aldatzeko eta bospasei baino ez ditugu, bidaia ugari egin behar dituzu eta, bitartean, intzidentzien deiak hartzen joan behar duzu», kontatu du Eizagirrek. «Furgoneta gidatzen goazen bitartean, deiak hartzen goaz», gaineratu du Gimenezek.
Kalean lan egiten ez daudenak ez daude askoz hobe: «Bulegoan deiak hartzen eta posta elektronikoak erantzuten egoten den lankidea egunean 1.000 mezu jasotzera heldu da; ez da iristen. Bera eta ni Orfidalak eta diazepamak hartuta lan egiten aritu gara, estresagatik», dio Eizagirrek.
Horrez gain, salatu dutenez, enpresak ez ditu bajak eta oporrak estaltzen, igandeak eta jaiegunak lanegun gisa ordaintzen ditu, langileen funtzioak behar bezala zehaztu gabe daude eta, langileak kexatzen direnean, «batak besteari pasatzen dio pilota»: «Gure arduradunak, Movus enpresako langilea denak, esaten digu ez dela gure nagusia, baina, aldiz, aginduak ematen dizkigu. Eta, gero, gure bizkar, tailerreko lankideei 100 euro inguru gehiago eman dizkie», dio, haserre, Eizagirrek. «LABera etorri eta arazoa mahai gainean jarri ondoren izan zen hori, tailerrekoak beraien alde jarri nahian, baina gurekin daude», gaineratu du Gimenezek.
Horrek guztiak, langileak ez ezik, zerbitzua bera ere kaltetzen du. «Lehen, geltoki bat bera ere ez zegoen hutsik. Orain, ordea, intzidentziekin baino ez dugu lan egiten, ez garelako beste ezertara iristen. Eta ez daukagu nahikoa material: bateriak, bizikletak konpontzeko piezak… horregatik daude egoera txarrean bizikleta eta geltoki asko!», dio Gimenezek. «Egun batzuetan, langile bakarra egoten da hiri osoko intzidentziak artatzeko. Esaten diegu arduradunei gainezka gaudela, eta esaten digute ahal duguna egiteko. Zer irtenbide klase da hori?», gehitu du Eizagirrek.
Eskaera zehatzak
Langileek denbora asko daramate enpresari eskaerak egiten, baina erantzun eza ikusita, uztailean aurrerapausoa eman zuten: «Gurekin harremanetan jarri ziren, eta langileen ordezkaria hautatzeko hauteskundeak egin genituen; Izar atera zen ordezkari. Ondoren, arduradunekin bilera bat eskatzen hasi ginen, eta, kostata izan bada ere, lortu dugu lotzea, Valentziatik etorriko den nagusi batekin. Bestalde, EH Bildurekin ere hitz egin dugu, gaia urtarrileko udalbatzarrera eramateko asmoz», azaldu du LABeko Iker Beristainek.
Herenegun egin zuten lehenengo bilera hori, eta enpresak hitzeman du urtarrilerako erantzungo duela. Ematen duen erantzunaren arabera, joango dira bestelako erabakiak eta neurriak hartzen. Eskaerak argiak dira: «500 euroko soldata igoera, jaiegunak eta igandeak behar bezala ordaintzea, ordaindu beharreko plusak ordaintzea, langile gehiago kontratatzea, lanaldia murriztea, funtzioak zehaztea eta bajak eta oporrak estaltzeko lan poltsa bat sortzea», azaldu dute langileek. «Etorkizunera begira, hain langile gutxi izanda, gure apustua da denak Dbusen plantillaren parte izatera pasatzea; bitartean, baldintzak hobetzeko lan egingo dugu», nabarmendu Beristainek.
«Ez dute inoiz keinu on bat bera ere eduki gurekin, eta ez da horren zaila gauzak ondo egitea»
Cesar Gimenez, Dbiziko langilea
Momentuz, auzia «sozializatzen» hasi dira, geltokietan eta furgonetan pegatinak jarriz, besteak beste. Soilik hori eginda, nagusiak «urduri» jarri direla dio Eizagirrek: «Bilera bat lotzeko hilabeteak, baina, pegatina bat jartzen duzu, eta mezu bat bidaltzen dizute egunean bertan».
Ez da ahaztu behar zerbitzu publiko bat dela Dbizi: «Donostia hiri berde gisa saltzen digute, Dbizi zerbitzuaren inguruan harrotasunez hitz egiten dute, eta, gero, horrela gaituzte gu», salatu du Eizagirrek. Lan baldintzak hobetzeko, enpresarekin negoziatu nahi dute, baina enpresak ez badu pausorik ematen, argi dutela dio langileen ordezkariak: «Grebara goaz!».