Indarkeriari iskin egitearen ilusio faltsua
EMILIA PÉREZ
Zuzendaria: Jacques Audiard · Urtea: 2024 · Herrialdea: Frantzia
Mexikon urte luzez aritu zen Luis Buñuel aragoiarrak herrialdea pairatzen ari zen pobrezia, utzikeria eta miseria erakutsi zituen bere filmografia emankorreko gailurretako bat den Los olvidados (1950) drama sozialean. Kale gorrian etorkizunik gabe bizirauten ari diren haurren ikuspuntutik filmatuta, ihesbide fantastikoz ardaztutako obra oparitu zigun, zorrotza bezain gordina. Bada, mende erdi baino gehiago igaro da, eta Mexiko guztion ahotan dago, berriz ere.
Bai, hor daude Alejandro Gonzalez Iñarrituren 21 Gramos (2003) edota Alfonso Cuaronen Roma (2018) lan entzutetsuak, besteak beste. Baina distantzia kulturalak ahalbidetu dion hoztasunetik heldu dio Jacques Audiard zuzendari frantziarrak bertako gizartea erretratatzeko erronkari, zer eta, horren beroa duen estilo zinematografikoa bidelagun. Un prophète (2009) maisulanaren bizitasuna eta Les Olympiades, Paris 13e (2021) sentiberaren umiltasuna uztartuz, Emilia Pérez musikal elektrikoa ekarri digu, Cannesko Nazioarteko Zinemaldian —Epaimahaiaren Sari Berezia, Emakumezko Aktore Onena— eta EFA Europar Zinemaren Sarietan —Film Europar Onena, Zuzendari Onena, Gidoi Onena, Emakumezko Aktore Onena— arrakastatsu izan dena.
Bere identitatea pitzatuta eta zaurituta duen herrialdearen erradiografia mingarria ondu du Audiardek. Mexikok ezin dio indarkeriari iskin egin, eta bortizkeria dute bizilagunek patu. Droga kartelen menpe dago agintaritza soziopolitikoa, eta bizitzan aurrera egin nahi duenak eskuak odolez zikindu beharko ditu, nahi eta nahi ez. Testuinguru honetan, bufete handi bateko abokatua den Rita (Zoe Saldaña) aurkeztuko digu lehenik zinemagileak, gutxietsita dagoena, eta bere jardunbideak eztabaida moralak eragiten dizkiona. Manitas izeneko mafioso boteretsu baten deia jasoko du, dagoeneko emakume bilakatzeko prozesua abian duena eta berau osatu nahi duena, negozio zikinetatik erretiratu eta birjaiotzeko.
Bada, trans kolektiboari ikusgarritasuna emateko balio badio ere, Audiardek Mexiko beraren metafora eta sinbolo gisa erabiliko du Manitas/Emilia Perezen figura. Karla Sofia Gascon laudatuak interpretatuta, erredentzio istorio tragiko honetako protagonistak askatasunaren ilusio faltsuari jarriko dio arima. Maitasuna bilatu bai, baina azkenerako hondoa jotzera kondenatuta dagoen gizartearen biktima da.
Buñuelen ihesbide fantastikoei nolabait keinu eginez, Audiardek askabide estetikoak erabiliko ditu errealismo sozial arruntetik aldentzeko; Emilia Pérez-en musika izango da elementu determinantea. Bikain koreografiatutako pasarte kementsuen bidez —inolaz ere ez da helduko Annette-ren (Leos Carax, 2021) muturreko barrokismora—, eta zuzendaritza indartsuari esker, atseden emozionalik ez dugu izango. Iluntasuna da irudian nagusi, gauez gertatuko baitira eszena gehienak. Argi faltak biolentzia sistematikoaren kronifikazioari egingo dio erreferentzia, eta egongo dira leihoak ireki, gortinak zabaldu eta arnasa hartzera animatuko gaituzten keinuak. Baina esperantza ustela dira.