«Mikelen autoa tirokatu zuten norbait hiltzeko, ez geldiarazteko»
Mikel Salegi Urbieta gazte donostiarra (1953-1974) tirokatuta hil zuen Guardia Zibilak duela 50 urte, 1974ko abenduaren 18an. Ondoren, hiletan, bertaratutako guztiak jipoitu zituzten. Senideek borrokatzeari utzi ez badiote ere, ez dute egiarik, justiziarik eta errekonozimendurik jaso. Itziar arrebaren ekimenez (Donostia, 1952), Aranzadiko historialari Javier Buces Cabellok (Sevilla, Espainia, 1982) Salegiren historia jaso du, 'Mikel Salegi. Oroitzapenetik oroimenera' liburuan. Bihar aurkeztuko dute Kursaalean (18:00), Salegi omentzearekin batera.
Nor zen Mikel Salegi? Nola gogoratzen duzu zuen haurtzaroa eta gaztaroa?
Itziar Salegi (I.S.): Gure etxean aita, ama, amona eta lau anai-arrebak bizi ginen, eta konplizitate handia genuen anai-arrebon artean, gazteenetik zaharrenera bost urteko aldea baino ez zegoelako. Mikel zen mutil bakarra, garai hartan, Salegi abizena mantentzeko aukera zuen bakarra, eta aitarentzat oso garrantzitsua zen hori.
Beti gogoratzen dut Mikelen irribarrea; oso alaia zen, oso apasionatua, baina, haserretzen zenean, haserretzen zen. Bihurria ere bazen, eta, hain zuzen ere, gogoratzen dut behin Mundaizko eskolatik etorri zela aurpegian fraidearen eskua markatuta zuela; artaburuak ziren fraideak. Garai hartan, halaber, asko jolasten ginen kalean: trena pasatzen zen zubian asko jolasten zen Mikel, baita Amarako paduretan ere.
Hazi ginenean, Mikelek Komertzio Eskolan ikasi zuen eta Itsasoko Gizarte Institutuan hasi zen lanean. Bere lagun taldean diru pixka bat edukitzen hasi zen lehenengoetarikoa izan zen, eta, horregatik, Rockefeller deitzen zioten [barrez]. Lanean hasi eta gutxira, plaza lortzeko oposizioak egin zituzten, eta lankideetako batek gainditu zuen. Hori ospatzeko, Mikel eta gainontzeko lankideak afaltzera gonbidatu zituen, eta hor hasi zen amesgaiztoa.
Horretara joan aurretik, jarrai dezagun zuen gaztaroarekin. Antifrankistak zineten etxean, ezta?
I.S.: Aita kondenatua izan zen gerra garaian, eta ama etxetik bota zuten frankistek. Errepresaliatuak ziren. Hori dela eta, kontzientzia politiko handia genuen eta borroka antifrankistan sartu ginen lau anai-arrebok; mundua aldatu nahi genuen. Gazteak ginen eta ilusioz beterik geunden, bizitzeko gogoz eta kontzientzia handiarekin.
Parte Zaharra zen orduko gazteontzat elkargune nagusia, orduan ez baitzen egungo parke tematikoa. Eta, han genbiltzan guztiak auzo elkarteetan, manifestazioetan eta bestelakoetan ibiltzen ginen, Burgosko Prozesuaren aurkako mobilizazioetan, esaterako.
Hain justu, zu atxilotu zintuzten Burgosko Prozesuaren aurkako mobilizazio batean, ezta?
I.S.: Harrapatu ninduten, bai. Atxilotzera etorri ziren, eta aitak Mikeli esan zion ni abisatzera joateko. Ordea, lehenengo, aitak lan egiten zuen Arlegui denda irekitzera joan zen, eta, denbora tarte horretan, etxera iritsi nintzen eta atxilotu egin ninduten. Komisarian egon nintzen lehenengo, eta Martuteneko espetxean ondoren, hamabost egunez. Atxilotu nindutenean, komisarian sartu aurretik, aitak esan zidan, ‘badakizu zer tokatzen den orain, Itziar, aguantatu behar da’.
Garai nahasiak bizi ziren 1970eko hamarkadaren hasieran, eta orduan hil zuten Mikel. Zer gertatu zen?
I.S.: Mikelen lankide Mercedesek Aginagan afaltzera gonbidatu zituen lankideak, oposizioak gainditu zituelako. Afalostean, lau autotan itzuli ziren, Horietako bat lehenago atera zen, eta Guardia Zibilak Errekalden jarritako errepide kontrolarekin topo egin zuen. Hor zihoazenek guardia zibilei abisatu zieten beste hiru auto etorriko zirela eta funtzionarioak zirela.
Hurrengo hiru autoetatik, Mikelena zen azkena. Gau oso euritsu eta iluna zen, guardia zibilek ez zeukaten islagarririk eta abiadura moteltzeko seinaleak han geldituta zituzten beste auto batzuek estaltzen zituzten.
Javier Buces (J.B.): Ordu batzuk lehenago, ETAk bi guardia zibil hil zituen Arrasaten, eta, hori dela eta, kontrolak jarri zituen hainbat tokitan. Baina kontrol horiek ez ziren atxiloketaren bat egiteko, ez baitzeuden behar bezala seinaleztatuta ez ezer, norbait harrapatzeko baizik.
I.S.: Aurreneko bi autoak gelditu zituztenean, Mikelen lankideek guardia zibilei esan zieten beste auto bat zetorrela atzetik, autoaren modeloa, matrikula eta kolorea esan zizkieten. Mikelen autoa kamioi baten atzetik heltzen ikusi zutenean, lankideek berriz ere esan zieten hori zela hirugarren autoa. Gelditzeko agindua eman zuen guardia zibilak errepidearen albo batetik eman zuen agindua, ez errepidearen erditik, eta Mikelen autoko gidariak ez zuen ikusi, noski. Horrela, guardia zibilak autoa tirokatzen hasi ziren. Han zeuden guardia zibil guztiek egin zuten tiro.
Mikelen autoko gidaria, Rafael Luque, erregimenaren aldekoa zen.
I.S.: Dibisio Urdinean borrokatutakoa zen, nola ez zen ba geldituko Guardia Zibilaren agindu baten aurrean? Ez zuen kontrola ikusi, argi dago.
Javier, zuk sakonki ikertu duzu kontrol hartan gertatutakoa, ezta?
J.B.: Errepikatzen den zerbait da. Garaiko hilketa bat ikertzen dugunean, beti ikusten dugu ez zirela ikerketa sakonak egiten. Beraiek, guardia zibilek, inpunitate osoz jokatzen zuten; esaten zuten gerran zeudela. Jose Sainzek, Meliton Manzanasen oinordekoak, esan zuen hemen bi birus zeudela eta horien aurkako gerran zeudela: aldarrikapen nazionala eta soziala.
Kasu honetan, polizia espedientetik hasten dira kontraesanak, han zeudenen testigantzak baititugu. Informazio falta handia dago txosten horretan, ez dago txosten forentserik… Guardia Zibilaren kontaketa zen autoa ez zela kontrolean gelditu eta tiroka hasi zirela. Ordea, ez zen seinalerik ikusten, ez zeramaten islagarririk eta, gainera, autoaren argazkiak daude. Eta, argi ikusten da aurretik, albo batetik eta atzetik egin ziotela tiro. Hau da, kontrolera heldu aurretik egin zioten tiro.
Kontuan eduki behar dugu, baita ere, zer garai zen: Guardia Zibilaren burua Antonio Tejero zen, ondoren estatu kolpea ematen saiatu zena, eta Poliziaren burua Manuel Ballesteros torturatzaile ospetsua zen. Jende mota hori bazegoen agintean, pentsa nolakoa zen zuten inpunitatea.
Zer gertatu zen tiroketaren ondoren?
I.S.: Mercedesek kontatu zidan isiltasun handi bat egon zela tiroketaren ondoren eta Luque haserre bizian atera zela autotik. Guardia zibilek egin zuten gauza bakarra izan zen bala zorroak jasotzen hastea eta Luque atxilotzea, Mikel han utziz; Luque desagertuta egon zen hiru egunez. Azkenean, lankideek lortu zuten Mikel taxi batean eramatea ospitalera, eta beste kontrol batean gelditu zuten auto hori, hamar bat minutuz, Mikel hilzorian zegoela.
Senideoi Guardia Zibilak ez zigun inolako momentutan informaziorik eman, informazio guztia lankideen partetik jaso genuen. Ospitalean, guardia zibilek ez ziguten utzi gorpua ikusten eta Polloera eraman zuten. Hara joan ginen, dena poliziaz hartuta zegoela, eta han ere ez ziguten utzi. Azkenean, hurrengo egunean lortu genuen gorpua ikusteko baimena. Ez zen autopsiarik egin, baina familiako mediku batek ikusi zuen, eta horregatik dakigu hemezortzi tiro jaso zituela.
«Amak min handiak eduki zituen beti bere gorputzean eta hori Mikelen mina zen»
Itziar Salegi, Mikel Salegiren arreba
Luqueren aurkako gerra kontseilua egin zuten eta absolbitu zuten.
J.B.: Bai. Horrek galdera hau irekitzen du: Luque ez bazen erruduna, nor zen?
I.S.: Hasieran, gainera, guardia zibilek esan zuten Luque mozkorra zegoela gidatzen ari zenean. Aginagako jatetxera joan ziren edari gehiago zuen faktura berri baten bila, argudio hori indartzeko. Eskerrak Mercedesek gordeta zuela benetako faktura, eta, beraz, gezurtatu egin zuela argudio hori.
Oso gogorra izan zen gerra kontseilu hori. Halako batean, gure lekukoek hitz egin aurretik, gelditu egin zuten epaiketa eta Luque absolbitu zuten. Mikelen autoa tirokatu zuten norbait hiltzeko, ez geldiarazteko.
Nola gogoratzen duzu, Itziar, Mikelen lankideen deia jaso zenuten unea?
I.S.: Gainontzeko senideak Argentinara joatekoak ginen, aita han bizi izan zelako garai batean, eta bi urte lehenago hil zenez, bera bizi izan zen lekua ezagutu nahi genuen. Nekane eta biok lagunak agurtzera joan ginen, eta etxera heltzen ari ginela, gauean, ama eta Miren telefonoan zeuden, entzuten Mikelek istripu bat izan zuela. Ospitalera joan ginen, dena poliziaz beteta ikusi genuen, eta horrela jakin genuen gertatutakoa.
«Guardia zibilek inpunitate osoz jokatzen zuten; esaten zuten gerran zeudela»
Javier Buces, historialaria
Zuk ezagutzen zenuen kasua, Javier?
J.B.: Ez horren modu sakonean, noski. Berezia da kasua, kontrolean zeuden guardia zibilen izen-abizenak jakinak direlako, baina, aldiz, ez du inork ordaindu. Trantsizioa egin zen moduan egin zen, eta hau da daukaguna. Estatuaren biktimek ez dute ez egiarik eta ez justiziarik; errekonozimendua, orain arte, soziala izan da. Erakundeak orain hasi dira errekonozimenduaren bidea egiten, baina ez beste biktima batzuekin egiten duten moduan. Bestalde, egia jakiteko, artxiboak ireki behar dira. Eta justiziarik ez dago, amnistia legearen moduko oztopoak daudelako, besteak beste. Gure lana ez da justizia egitea, baizik eta egia hori bilatzea.
I.S.: Guri sekulako bakea eman digu liburuak. Mikelen historia esku onetan gelditu da, leialki kontatuta baitago eta iraungo duen liburu bat baita. Ikerketa oso ondo eginda dago, baina, era berean, oso humanoa da eta lortu duzu, Javier, liburu kolektibo bat izatea, jende askoren parte hartzea lortu duzulako. Guztion liburu bat da.
Gertakarietara itzuliz, zer gertatu zen Santa Maria elizako hiletan?
I.S.: Elizatik atera ginenean, lehen ilaran, ultraeskuindar ugari zeuden, pipa eta guzti, eta, atzean polizia ugari. Artzain Onaren katedraletik zetozen, Carrero Blancoren hilketaren urteurreneko meza bat egon baitzen han, eta haserre bizian etorri ziren gugana. Bi ilara egin zituzten, eta horien artean pasatu behar genuen, ez zegoen besterik. Izugarri jo gintuzten, jipoitu egin gintuzten.
J.B.: Falangistak zeuden han, Kristo Erregearen Gerrillariak… denetik. Testigantzek diote drogatuta zeudela zirudiela, «vascos de mierda» eta «os vamos a matar a todos» oihukatzen.
I.S.: Ama jotzen hasi ziren, eta kide batek esan zien Mikelen ama zela eta hari ez jotzeko, berari baizik. Haurdun zegoen, baina jo egin zuten eta haurra galdu zuen. Zaharrak, gazteak, umeak, haurdun zeuden emakumeak, lurrean zeudenak… denak jo gintuzten, sarraski bat izan zen. Inguruko balkoi batean hori guztia ikusten ari zen pertsona bat ere bihotzekoak jota hil zen. 200 lagun atxilotu zituzten, asko torturatu egin zituzten… Eta zauritu asko eta asko egon ziren, batek begia ere galdu zuen, baina gehienak ez ziren ospitalera joan, noski, beldurrarengatik. Guk ere beldurra genuen; ahizpok ez genuen etxean lo egin gau hartan. Ondoren, kereila bat aurkeztu genuen han gertatutakoagatik eta beste bat hilketagatik, baina ez zuten aurrera egin.
J.B.: Hamazazpi pertsona inguru torturatu zituzten Gobernu Zibilean, eta Martuteneko espetxera eraman zituzten, hamabost bat egunez. Ondoren, TOPeko bizpahiru sententzia daude.
Hiletatik aurrera, ibilbide judiziala abiatu zenuten. Nolakoak izan da?
I.S.: Denetik egin dugu. Amak, esaterako, erregeari idatzi zion, eta Burgosko Gobernu Militarrera ere joan zen; bertan, esan zioten kontrolak harrapatzeko jartzen zirela.
Penalki ez dugu ezer lortu, noski. Genuen aukera bakarra bide zibila egitea zen, eta Juan Mari Bandresekin egin genuen. Hamar urte egon gara horrekin, eta, hamar urtean, ez dugu justiziarik lortu. Bai lortu genuen, behintzat, estatuaren ardura zibil subsidiarioa aitortzea. Gutxienez, aitortzen da zerbait ez zela ondo egin. Hortik aurrera, ordea, ez dago beste aterik. Argentinako kereilan ere parte hartu genuen, baina ikusi dugu zer nolako laguntza eskaini duen horretarako Espainiako Gobernuak.
Ez dago justiziarik, ez egiarik. Bigarren, hirugarren edo laugarren mailako biktima gisa tratatu gaituzte. Huts egin digute erakundeek, min egin digute eta egin dutena berandu eta gaizki egin dute: gutxi, berandu eta gaizki.
Nola bizi izan zuen amak hau guztia?
I.S.: Amak sufritu zuena… Bi urte lehenago, aita bihotzekoak jota hil zen, bat-batean; gerora, Miren ahizpa ere bat-batean hil zen. Hiru senide agurtu ahal izan gabe hil zaizkigu etxean; ez dakizue hori zer traumatikoa den.
Ama hiletatik bertatik borrokatu zen. Orduan egin zuen idatzia hunkigarria da, Bandresekin behar zen guztia egin zuen, mehatxuak jaso zituen, jo zuten… eta ez zuten gelditu. Min handiak eduki zituen beti bere gorputzean eta hori Mikelen mina zen, sufrimendua gorputzean daukazulako. Aurrera egin genuen, baina oso mingarria izan zen.
«50 urteren ondoren, dolua egin gabe daukagu. Orain, bihotza sendatu behar dut, indarrak berreskuratu»
Itziar Salegi, Mikel Salegiren arreba
50 urte beteko diren honetan, borrokan jarraitzen duzue.
I.S.: Memorialistek zaindu dute egia, eta gizarte zibila beti egon da gure alde. Horregatik eutsi diogu. Horregatik eta Mikelen maitasunarengatik. Oso prozesu mingarria izan da, Mikel galtzeagatik, prozesu krudela eta biolentoa izan delako eta erakundeen partetik izan ditugun oztopo guztiengatik. Baina, 50 urte pasatu dira eta hementxe gaude. Eta urteurrena gizarte zibilarekin eta memorialistekin pasatuko dugu, euren babesa eskertzeko.
Biharko ekitaldian [Kursaalean, 18:00etan], Mikelen bizitza oroituko dugu, zeren, 21 urtez bizirik egon zen. 50 urte pasatu ditugu gertatutakoa salatzen eta Mikelen heriotzara begira, eta horrek sekulako blokeoa sortu digu. Orain, 21 urte horiek oroitzearekin, bihotza sendatzen hasi zait. Guretzat, oso garrantzitsua da 21 urte horiek ere ez lapurtzea.
50 urteren ondoren eta Mikelen historia liburu batean jasota, itxitzat ematen duzue zuen borroka?
I.S.: Momentu honetan, zauria itxi behar dut eta dolua egin behar dut. Oraindik, 50 urteren ondoren, dolua egin gabe daukagu. Zeren, justizia eta egia lortzeko erakundeekin egindako borrokak izan gaitu amorru bizian beti, frustrazioan eta bere erailketan pentsatzen. Orain, bihotza sendatu behar dut, indarrak berreskuratu. Ezin dizut esan gero zer egingo dudan, baina bai esan diezazuket zerbait egitekotan memorialistekin eta gizarte zibilarekin egingo dudala, inoiz ez dudala pausorik emango erakundeengana. Argi daukat nor dagoen gurekin eta nor ez.
2016an, Mikel Salegiren omenezko argizaiol bat jarri zuten Errekalden. Ordea, aldundiak laster kendu zuen, Itziar Salegik dioenez, «abisatu gabe, errepidearen ikusgarritasuna kaltetzen zuelakoan». Biharko ekitaldira eramango dute.