Nola eragingo du Isuri Gutxiko Eremuak Donostian?
Legeak ezartzen duen moduan, 50.000 biztanletik gora dituzten udalerri guztiek Isuri Gutxiko Eremua (IGE) izan beharko dute 2025tik aurrera. Hala izango da Donostiaren kasuan ere. Datozen asteetan planaren lehen fasean murgilduko da hiria. Hiriko 8.000 ibilgailuk galarazita izango dute sarbidea Amara, Erdialdea eta Parte Zaharra hartuko dituen eremura. Udala herritarrak prestatzen hasi den arren, oraindik zalantza andana sortzen dituzte murrizketok. Horietako batzuk jarraian dituzue argituta.
Noiz sartuko da indarrean IGE?
IGE 2025eko urtarrilean sartuko da indarrean. Udalak adierazi duenez, herritarrek hiru hilabeteko epea izango dute eremuaren inguruko informazioa eskatu eta dagozkien izapideak egiteko.
Nolanahi ere, araubide berria modu mailakatuan sartuko da indarrean, herritarrek egokitzeko aukera izan dezaten.
Zein ibilgailuri galaraziko zaio sarbidea?
Murrizketak bi fasetan aplikatuko dira. Lehen fasea 2025-2027 bitarte izango da, ingurumen etiketarik gabeko ibilgailuek sarrera debekatuta izango dute: ezin izango dira sartu 2001 baino lehen matrikulatutako gasolina ibilgailuak, ezta 2006 baino lehenagoko diesel ibilgailuak edo 2006 baino lehenagoko zortzi eserlekutik gorako ibilgailuak eta motoak ere.
2028tik aurrera ezarriko den bigarren fasean, berriz, ingurumen etiketarik gabeko ibilgailuek zein B etiketa dutenek izango dute sarrera mugatua.
Salbuespenik egongo da?
Eremuko egoiliarren ibilgailu guztiak salbuetsita egongo dira, baita langileak edo mugikortasun arazoak dituzten pertsonak ere.
Hala, perimetro barruko merkatari eta banaketa enpresako edo zamalanetako langileek joan-etorriak egiteko aukera izango dute, baita aparkaleku pribaturen bat dutenek ere. Era berean, IGEra sartu ahalko dira taxiak, VTC ibilgailuak eta DGTk historikotzat dituenak.
Derrigorrezkoa da ibilgailuan ingurumen etiketa jartzea?
Ez da beharrezkoa izango bereizgarririk jartzea. Kontrol kamerek zuzen-zuzenean alderatuko dute ibilgailuaren antzinatasuna eta baimena Trafikoko Zuzendaritza Nagusiaren (DGT) datu basean.
Zer gertatuko da eremura baimenik gabe sartzen banaiz?
200 euroko isunak ezarriko dituzte araua hausteagatik. Behin baino gehiagotan eginez gero, zenbateko hori %30 handitu daiteke. Isunak martxotik aurrera jarriko dituzte.
Eta, baimenik eduki gabe, urgentziaz sartu behar banaiz Isuri Gutxiko Eremuan?
Urgentziaz sartu behar izanez gero —Parte Zaharreko Etengabeko Arreta Gunera, kasu—, eskaera aurkeztu behar izango da sartu osteko 48 orduetan. Eskaeran, eremuan sartzeko premia behar bezala egon beharko da arrazoituta.
Erdialdeko aparkalekuetara joateko aukera izango dute sarrera mugatuta dutenek?
Ez. Aparkaleku publiko baten erabilerak ez ditu sarbide murrizketak baliogabetuko. Beraz, galarazita izango dute sarrera.
Badago bestelako salbuespenik?
Bai. Autobus geltokira eta Norteko geltokira joateko aukera izango dute eremura sarbidea mugatuta duten ibilgailuek. Hala, Gernikako Arbolaren pasealekutik aurrera egin ahal izango dute, baldin eta ondoren Maria Cristina zubia hartzen badute.