Santomasetan, 162 postu eta askotariko egitaraua
Abenduaren 21eko Donostiako San Tomas azokan txistorra eta jantzi tradizionalak izango dira protagonistak. Azokara gerturatzen diren pertsona guztiek gozatu ahal izango dute animalien, zein barazki eta fruituen erakusketarekin, haurrentzako tailer eta jokoekin, hainbat lehiaketarekin, bertsolari zein aizkolari eta pilotariekin, eta, bereziki, kaleetako giroarekin.
Euskal jantzi tradizionalak
Euskal jantzi tradizionalak protagonismo berezia izango du aurten, Gero Axular Dantza Taldearen eskutik, erakusketa berezia antolatu da San Jeronimo kaleko aretoan hilaren 31ra bitarte. Bertan, Gero Axularrek bi hamarkada hauetan diseinatu eta egindako jantzi tradizionalen 50 modelo ezberdin aurkeztuko dira. Erakusketak gizon, emakume eta haur jantziekin osatuta dago eta jantzi tradizionalek urteetan zehar izan duten bilakaera ikusteko aukera emango du.
Emakumezkoen kirola
2024ean ere emakumezkoen kirolak protagonismoa izango du San Tomas egunean. Aizkolarien VII. Urrezko Kopa jarriko da jokoan abenduaren 21ean, 13:30ean Trinitate plazan. Eta aurretik, 12:00etan, duela lau urte egiteari utzi zitzaion – osasun-larrialdi egoera zela eta– Esku Pilota Txapelketa egingo dute berriro. Txapelketa honetako V. Edizioa izango da eta eskuz binakako partida handia ikusteko aukera egongo da Sorondo-Rey eta Arratibel-Galardi bikoteen artean.
Auzoetan egitarau zabala
Era berean, abenduaren 21ean 10:00etatik 20:00etara hiriko hainbat auzotan jarduerak izango dira. Amara Berri, Amara, Txomiñenea, Antigua eta Gros auzoetan ere egitarau zabalak prestatu dituzte azokarekin disfrutatzeko, eta aurretik, abenduaren 14tik 20ra Morlans, Altza, Ibaeta eta Intxaurrondon azokak egingo dira.
Urteroko legez, azokak protagonista handia izango du: 10:00etatik 20:00etara Plaza Berrian Kaxilda txerria ikusteko aukera egongo da. Hau izango da azokaren erdigunea, baina hirian 162 postu jarriko dira, eta aipatutako auzoetan elkarte ezberdinek ere postuak izango dituzte.
Haur eta familientzako gune bereziak
San Tomas feria egun oso berezia izaten da hiriko familientzat. Elkarrekin ospatzeko eguna izaten da, euskal jantzi tradizionala jartzeko eta urtean zehar hirian egoten ez diren jarduerekin gozatzeko eguna. Plaza Berrian Kaxilda bisitatzeaz gain, Zuloaga eta Okendo plazetan haur eta familia guztientzat prestatuko hainbat jarduera egongo dira, besteak beste, haurrentzako jokoak, talo tailerra, txorimalo lehiaketa edo abere erakusketa besteak beste.
Eta hori guztia gutxi balitz, 18:30etik aurrera Bulebarreko kioskoan mutxikoak eta erromeria Jeiki Hadi taldearen eskutik familian eguna dantzan amaitzeko.
Jai jasangarria
2004.urtean Donostiako Udala aitzindari izan zen eta apustu sendoa egin zuen edalontzi berrerabilgarrien erabileraren alde. Hasieran 10.000 banatzen hasi ziren, azken urte hauetan urtero 45.000 edalontzi banatu izan dira. Eta horri esker jaiak garbiagoak eta jasangarriagoak dira. Horrekin batera, aurten ere txistorra eta talo postuetarako olioa biltzeko bidoiak jarriko dira, edukiontzien zerbitzua indartuko da eta, gainera,119 komun kimiko jarriko dira jai jarduerak hartuko dituzten eremuetan.