Alaia Martin eta Beñat Gaztelumendi iritsi dira buruz burukora
Buruz burukoaren irudi bera jazo 2015eko txapelketan. Orduan ere, Alaia Martin eta Beñat gaztelumendi sailkatu ziren finalaren bigarren fasera.
Txapelatik gero eta gertuago daude, Alaia Martin eta Beñat Gaztelumendi. Gipuzkoako Bertsolaritza Txapelketako finalaren buruz burukora ailegatu dira biak, hamasei bertso puntuagarri osatu ostean. Txapelaren aurretik, baina, hamaikana bertso dituzte osatzeke, añorgatarrak eta oiartzuarrak.
Ordu laurdeneko etenaldiaren ostean, idazkariaren gutuna ailegatu da, finaleko bigarren fasera sailkatu diren bi izenekin. Alaia Martin eta Beñat Gaztelumendi bertsolarien izenak entzun ostean, lehertu da Illunbe. Izendapenen ostean, aipatu dituzte aurretik dituzten bertsoak: binaka, gaia emanda, zortziko handian, launa bertso; binaka, librean, puntutan, librean, zortziko txikian, zortzina bertso; azkenik, ganbarakoa, gaia emanda, nahi duten doinu eta neurrian, hiruna bertso.