Alaia Martinek jantzi du txapela
2024ko Gipuzkoako Bertsolaritza Txapelketak badu garailea: Alaia Martin Etxebestek jaso du txapela. Oiartzuarra faboritoen artean izan da bertsozaleen kiniela guztietan, txapelketa osoan zehar oso egonkor eta maila altuan mantentzearen ondorio. Hala, azkenean, etorri zaio ereindako fruitua. Oiartzuarrak 1099,5 puntu eskuratu ditu, buruz burukoan aurkari izan duen Beñat Gaztelumendik baino 45 gehiago. Martinek bere laugarren finalean lortu du txapela.
Martinek eta Gaztelumendik 2015eko finalaren irudia irauli dute. Orduan, añorgatarra izan zen garaile eta oiartzuarra, berriz, bigarren: “Aspalditik zinen txapeldun, orain txapelaren jabe”, bota dio Gaztelumendik, bere agurrean. Malko artean, eta nabarmen hunkituta, jaso du bere izendapena Martinek. Ondoren, Arantzazu Loidik jarri dio txapela.
Hauxe izan da Alaia Martinek agurra: “Bihurtu ditzagun lagunak / bizitzaren tenplu / badakitenak zer noiz nola /eta non galdetu / entzuten gaituztenak / nahiz ta pixkat logaletu / ta etxe bihurtzen dutenak / edozein ez leku / disolba dezagun eskuina / ta auzoa ezkertu / egon gaitezen lagunekin/ hauskor eta inperfektu / elkarrengandik gertu eta /elkarrentzat gertu”.
Oiartzuarraren atzetik, honela gelditu da finaleko sailkapena: bigarren postuan, 1054, 5 punturekin, Beñat Gaztelumendi; hirugarren postuan, 637 punturekin, Oihana Iguaran; laugarren postuan, 626 punturekin, Ane Labaka; bosgarren postuan, 617 punturekin, Aner Peritz, “Euzkitze”, seigarren, 590 punturekin, Nerea Elustondo; zazpigarren, 578 punturekin, Andoni Rekondo; eta, azkenik, 574 punturekin, Eneritz Artetxe.
Aurten, urte berezia da Gipuzkoako bertsolaritzarentzat. Izan ere, Ahalmen Bertso Eskolak, haurren lehen bertso eskolen elkarteak, 50. urteurrena ospatu du. Hori dela eta, ohiko sariez gain, aurten, 25 urtetik azpiko bertsolari onenaren saria ere eman dute. Patxi Goikolearen eskutik jaso du saria Aner Peritz Euzkitze-k.
Garailearen izena ezagutarazi aurretik, Ane Ezenarro aurkezleak txapelketa osoan zehar laguntzaile izan diren oro ekarri ditu gogora. Txapelketa osoan zehar parte hartu duten bertsolari guztiei eskerrak eman ostean, gai jartzaileentzako eta epaileentzako hitzak ere izan ditu. Soinu teknikariei, argazkilariei eta antolaketan parte hartu duten guztiei ere eskerrak eman dizkie, baita hedabideei ere. Era berean, “behin eta berriz esanda ere, ez dugu sekula eskertuko egiten duzuen lan guztia”.