Askotariko kolorez tindatutako marea bertsozaleak bete du plaza nagusia
Ikuskizun handiaz gozatzeko irrikaz, Euskal Herriko txoko guztietatik etorritako milaka bertsozalek bete dute Illunbe.
Ikusmin handia zegoen eta azkenean iritsi da eguna. Gipuzkoako Bertsolaritza Txapelketako finala ohi baino urtebete beranduago ailegatu da, Euskal Herriko Bertsolari Txapelketa Nagusia ere COVID-19agatik urtebete atzeratu beharraren ondorio. Batzuek udaberritik daramatzate motorrak berotzen, beste batzuek aldiz, azken asteetako fasetan batu dira txapelketaren azken txanpara. Bertsozaleek, beraz, ez dute hutsik egin Illunbeko zitara eta kasik topera bete dute plaza.
Topera bete eta topera atondu. Ohi moduan, ez dira faltatu harmailetan eskegitako kartelak, babes eta animo mezuekin. Bertsozaleek osatutako itsasoan, gainera, arrosez tindatutako olatu batek bereganatu ditu begirada guztiak: arrosa kolorez jantzitako 40 lagun inguruk harmaila transfeminista osatu dute.
Ikuskizun handiaren ateak 15:30ean zabaldu dira. Zaleak garaiz ailegatu dira eta eserlekuak bata bestearen ondorik bete dituzte. Arratsaldeko bostetarako, gipuzkoar eta Euskal Herri osotik etorritako bertsozale oro, finalisten zain zegoen Illunben. Oholtza gainean, Alaia Martin Etxebeste, Andoni Rekondo Izagirre, Ane Labaka Mayoz, Aner Peritz Manterola Euzkitze, Beñat Gaztelumendi Arandia, Eneritz Artetxe Eizagirre, Nerea Elustondo Plazaola eta Oihana Iguaran Barandiaran.
Jarraian, txapelketaren lehen orduek eman dutena, Andrea Bosch Alfaro argazkilariaren begiradatik: