Koldo Anza zendu da, Realeko langile ohia eta Jon Anzaren anaia
Realak jakinarazi duenez, Koldo Anza ostiralean zendu zen. Jon Anza zenaren anaia eta Intxaurrondokoa zen, eta 41 urtez klub txuri-urdineko langilea izan zen. 1980an hasi zen lanean, eta Atotxako belardiaz arduratu zen. Gerora, Zubietako eta Anoetako kirol instalazioen arduraduna izan zen. 2022an hartu zuen erretiroa, eta Zubietan omendu zuten.
Urte batzuk lehenago, 2012an, Urrezko Intsignia eman zioten Anzari, eta beste hainbat langileri. Izan ere, 25 urtez Realarentzat lanean aritu ziren hainbat pertsona omendu zituzten Anoeta futbol zelaian.
“Gure doluminik sentituenak helarazi nahi dizkiegu senide eta lagun guztiei. Lehen taldeak eta talde txuri-urdin guztiek besoko beltzak eramango dituzte, eta partida bakoitzean minutu bateko isilunea egongo da”, adierazi du Realak. Hain zuzen ere, dagoeneko jokatu diren partidetan besoko beltzak eraman dituzte taldeek. Hala nola, emakumezkoen Realak eta gizonezkoen bigarren taldeak.
Jon Anzaren anaia
Esan moduan, Jon Anzaren anaia zen Koldo, eta urtetan hari gertatutakoa ezagutzeko lanean aritu zen familiarekin batera. Gogoratu behar da, Jon Anza 2009ko apirilaren 18an desagertu zela, Okzitaniako Tolosa hirian, ETArekin hitzordu bat zuen egun berean. Urte bereko maiatzaren 15ean salatu zuten bere desagerpena Baionako Auzitegian. Azkenik, Frantziako poliziak 2010eko martxoaren 11n jakinarazi zuen haren gorpua Tolosako Purpaneko gorputegian zegoela.