EH Bilduk uste du indarkeria politikoaren biktimen omenezko plaken egitasmoak «gogoeta bat» behar duela
Donostiako Udalak oinarri politikoko indarkeriaren biktimak espazio publikoan oroitzeko egitasmoa abiatu zuen 2019an, eta EH Bildu hasieratik agertu da kritiko, “integratzailea” ez dela iritzita. Horrela, Guardia Zibilak Mikel Salegi Urbieta donostiarra tirokatuta hil zuenetik 50 urte beteko diren honetan, berriz ere ekarri du hizpidera bere “hausnarketa”.
Alderdiak gogorarazi du “apenas astebetean” bi plaka jarri dituztela hirian: “Bata, Santi Oleaga ETAren biktimaren omenez; bestea, Guardia Zibilak erail zuen Mikel Zabalzaren oroimenez. Testuinguru honetan, memoria inklusiboarekin eta elkarbizitzarekin dugun konpromisoa berretsi dugu, hitzez zein ekintzez”. Ordea, biktima batzuei ematen zaien tratamendua kritikatu dute: “Zabalzarekin gertatu bezala, kasu honetan ere [Salegirenean] bere memoria bizirik mantendu dute senitartekoek zein herritarrek, erakundeen aldetik urratsik egin ez den bitartean. Ez aitortzarik, ez errekonozimendurik. […] Donostiako Udalarekin ez zaie posible izan elkar ulertzea, eta honek erakusten du badagoela zer landu eta hobetu”.
Ildo horretatik, nabarmendu dute “dinamikaren planteamenduak berak gogoeta bat merezi duela”. Izan ere, diotenez, “ez da tresna integratzaile bat eta maiz adierazi izan dugunari helduz, ekimenak ez ditu betetzen berdintasun eta inklusioaren oinarrizko printzipioak biktima eta sentsibilitate politiko guztiak errespetatuak eta onartuak izan daitezen”. Zentzu berean, “badago zer hobetu, baina horretarako ezinbestekoa izango da dagokion foroan, udaleko Giza Eskubideen Batzorde ez iraunkorrean, elkarlanean eta elkarrizketan sakontzea. Batetik, ekimen publikoak antolatu baino lehen ezinbestean aurre lanketak egitea proposatzen dugu familien minari akonpainamendua egitez eta, horrela, gaur egun dagoen hutsune bat betez. Izan ere, horren ondorioz maiz sortu dira urteotan senideekin egoera delikatuak eta zailak”, azaldu dute.
“Donostiako bizikidetza demokratikoaren eraikuntzan aurrera egiteko orduan, erreparazio instituzionalerako mekanismo egokiak adostu behar dira desberdinen arteko topaguneak sortzeko eta erreparazio instituzionala behar bezala sustatzeko. Donostian, egin ez den aurre lanketa egin behar da. Gure inguruan egin diren esperientziek erakutsi dutenez, prozesu horiek arrakastatsuak izateko ezinbestekoa da desberdinen arteko elkarrizketa sustatzea eta elkargune pribatuak eta erosoak sortzea edozein ekintza publikoren aurretik”, gaineratu dute.