Ricardo Cases argazkilariak 'Kontxako tamarindoak' erakusketa aurkeztu du Tabakaleran
Donostian egindako hainbat bildumaz gain, 'El ficus del Parterre' lana ere ikusgai du Artegunean.
Ricardo Cases argazkilari valentziarrak Kutxa Fundazioaren Donostiako Artegunea aretora eraman du Kontxako tamarindoak erakusketa. Erakusketa Donostian egindako egoitza artistiko baten emaitza da eta antolatzaileek iragarri dutenez, argazkiarekin “elkarrizketa intimoa” bilatzea du xede. Erakusketa martxoaren 2ra bitarte egongo da ikusgai; Donostian egindako bost argazki bildumak ez ezik, 2018an, Valentzian egindako El ficus del Parterre argazki erakusketa ere gehitu dute.
‘Kontxako tamarindoak’
Ricardo Casesek hamar urtez baino gehiagoz Levanteko landa eremuko ezaugarri kulturaletan sakontzeko asmoz osatutako epe luzeko argazki proiektuetan aritu da buru-belarri. Oraingoan, baina, oso bestelako moduan egin ditu Donostiako eta Valentziako sailak. Lurralde berezi eta hurbilekoari buruz egindako gogoeta sakoneko eta begirada kritikoko etapari, beste etapa askatzaile batekin eman dio segida. Hurbiltasuna, bidean ezustean aurkitzen duenaren aurreko erantzun emozionala,bihurtzen da oraingoan Casesen gida berria
Donostian egin duen argazki sortari dagokienez, “beste batzuk bezain errotuta ez dagoen lana” dela azaldu du Casesek. Kontxako tamarindoak lanarekin “jauzi bat” egin duela aitortu du argazkilariak, “bere argazkiarekin izandako elkarrizketa intimo” bat sortu duela baieztatuta. Ildo horretan, azaldu du hiria “jokaleku” izan duela, hainbeste ezagutzen ez duen Donostian gainazalarekin zerikusia duten gaiei erreparatzeko tartea izan baitu: “Argazki miaketa hutsa da”.