Take Kubo jokalaria bisitatuko dute Nobitak eta Doraemonek
Ez, oraindik ez da abenduaren 28a. Asahi telebista japoniarrak jakinarazi duenez, Take Kubo Realeko jokalariak Doraemon telesailaren atal batean parte hartuko du. Zehazki, urtezahar gauean eskainiko dute, abenduaren 31n. Ordubeteko iraupena izango du, eta kapitulu bateko protagonista da.
Japonian izar bat da Kubo, eta oso garrantzitsua da bere herrialdeko selekzioarentzat. Hori dela eta, futbol jokalaria marrazki bizidun bihurtu dute. Kapituluari dagokionez, xehetasun batzuk aurreratu dituzte. Nobita eta Doraemon Espainiara joango dira, eta han egingo dute topo txuri-urdinarekin.
Atal bereziaren sinopsi moduko bat ere zabaldu dute: “Espainian gertatuko da historia, 30 urte bete direlako han marrazki bizidunak eskaintzen hasi zirenetik. Istorio honetan, Nobita lo geratzen da eta urteberria galtzen du. Zorionez, Doraemonek jakinarazi dio Espainian oraindik ez dela ospakizuna hasi, eta, beraz, Madrilera bidaiatzea erabaki dute. Horrela, Kubo jokalaria Madrilen agertzen da baloiarekin duen trebetasuna erakusteko”.