Igeldoko toki entitate txikiak aldundiaren baiezkoa lortu du
Hemendik aurrera, Igeldok eskumen propioak bereganatuko ditu; "pixkanaka, hurrengo lau urteetan hainbat bloketan antolatuta", azaldu dute aldunditik.
Hilabeteetako itxaronaldiaren ostean, iritsi da toki entitate txikia eratzeko falta zen azken pausoa: Gipuzkoako Foru Aldundiak onespena eman dio Igeldoko Herri Kontseiluak eta Donostiako Udalak hartutako erabakiari. Bi erakundeek 2021ean abiatu zuten prozesua, Igeldok eskumen gehiago bereganatu eta tokiko kudeaketa indartu zezan. Irune Berasaluze foru bozeramaileak adierazi duen moduan, “herria erabat garatzea ahalbidetuko duen aitorpen historikoa da, bere berezitasuna errespetatuz eta kudeatzeko gaitasuna indartuz”.
Aldundiaren zigilua baino ez zen falta prozesuari argi berdea emateko. Donostiako Udalak otsailean onartu zuen toki entitate txikiaren eraketa, eta igeldotarren %85ek babestu zuen udalaren erabakia, apirilaren 14an egin zuten herri kontsulta ez loteslean. Baiezko hori lortuta, Gipuzkoako Foru Aldundian aurkeztu behar zituzten emaitzok, Igeldoren kudeaketa eredu berria abian jartzeko: “Lan handia dugu aurretik, egiturak osatzen hasi eta egokitzen baldintza berrietarako”, adierazi zuten orduan, Herri Kontseilutik.
Eskumenak bi fasetan lekualdatuko dira. Toki entitate txikia sortzearekin batera, honako zeregin hauek kudeatuko ditu: bide publikoen, eraikin publikoen, parkeen eta lorategien mantentze lanak, argiteria, , kultura eta euskara sustatzea, kirol jarduerak eta administrazio orokorra. Bi urtez iraungo duen lehen fasearen ostean, kudeaketa hainbat esparrutara zabaltzea da asmoa: hirigintza, etxebizitza, ingurumena eta Igeldoko errepide orokorra ere kudeatuko ditu.
Era berean, Udalinfo eta gizarte zerbitzuak lehen urtean deszentralizatuko dira, baita zeharkako zerbitzuak ere, hala nola administrazio elektronikoa, gardentasuna eta egoitza fisikoa eta elektronikoa. Kudeaketa horren zuzendaritzari dagokionez, batzorde kudeatzaile batek zuzenduko du, aldundiarekin eta udalarekin lankidetzan. Hurrengo udal hauteskundeen ondoren, batzorde horren ordez auzo batzar bat egingo da, alkatea aukeratzeko.