Iragarri dituzte Hiritar Merezimenduaren Dominak jasoko dituzten bost pertsona eta erakundeak
Donostiako Udaleko Bozeramaileen Batzordeak aukeratu ditu dagoeneko 2025eko San Sebastian egunaren bezperan Hiritar Merezimenduaren Dominak jasoko dituzten bost pertsona eta erakundeak: Kontxu Uzkudun enpresaria, Mestiza elkartea, Iñaki Almandoz Askatuak saskibaloi klubeko presidente eta Donostiako Errege Magoetako Gaspar erregea, Gipuzkoako Elikagai Bankua eta Radio San Sebastian irrati katea.
Hilaren 19an ziren dominak jasoko dituztenen izenak iragartzekoak, baina 55 hautagaien zerrenda hainbat hedabidetara filtratu da gaur goizean, komunikazio ofizialik gabe, eta udalak ordu gutxiren buruan iragarri ditu dominak jasoko dituztenen izenak. IRUTXULOKO HITZA hautagaien zerrendan zegoen, baina ez da saritua izan.
Urrezko Danborrarekin batera, San Sebastian egunaren harira hiriak ematen duen aitortza sariak dira dominak, araudiak jasotzen duenez, “hiriari aparteko zerbitzuak eman dizkioten edo ematen jarraitzen duten pertsona edo erakunde donostiarrei” ematen zaizkienak. Urrezko Danborra ere berriki iragarri du udalak, hain zuzen ere, Moriarti ekoiztetxea izango da. Azken San Sebastian egunaren bueltan, bestalde, Adsis fundazioak, ATECE elkarteak, Anjel Rueda dendari ohiak, Bizikletaz Adinik Ez egitasmoak eta Mentxu Medel dantza irakasleak jaso zituzten dominak.
Saridunei buruz
Mestiza elkartea Donostiako irabazi asmorik gabeko elkarte bat da, 2008an sortutakoa, proiektu artistikoak eta soziokulturalak sustatu eta garatzea eta gure inguruko aniztasun kulturala islatzea helburu duena. Hasieratik, artearekin, kulturarekin, haurrekin, irakurketaren sustapenarekin, ingurumenarekin, kultur aniztasunarekin eta gizarte berrikuntzarekin konpromisoa du. Mestizak euskal kultura eta munduko kultura ezberdinak sustatzen ditu hainbat jarduera multikulturalen bidez, elkartearen helburuekin bat datozen jarduerak egiten dituzten elkarte, erakunde publiko edo pribatuekin elkarlanean.
Gipuzkoako Elikagaien Bankua ere irabazi asmorik gabeko elkartea da, apolitikoa, akonfesionala eta 1997an Gipuzkoan jaiotako boluntariotzan oinarritua, egoera zaurgarrian dauden elikagai premiei erantzuteko, elikagaien galera eta xahutzea prebenitzeko eta gizarteak misio horren inguruan duen elkartasuna sentsibilizatzeko eta suspertzeko.
Kontxu Uzkudun minimil moda enpresaren jabea eta diseinatzailea da. Uzkudunek jostun lanbidea ikasi zuen Pilar Usarraga Cristobal Balentziagaren ikaslearen tailerrean. Bere lehen boutique-a, Daros, Ondarreta inguruan inauguratu zen 1977an, eta, 1980an, bere bildumak aurkezten hasi zen Cibeles eta Donostiako Modaren Astea bezalako pasareletan. Ondoren, minimil enpresa sortu zuen 1987an. Sortu zenetik, emakumeek zuzendu eta kudeatu dute enpresa, eta lanean emakumearen autonomia eta eskubideen defentsaren erreferentea izan da.
Iñaki Almandozek 36 urte daramatza Askatuak klubeko presidente lanetan. 1975ean sortutako kluba prestakuntza kategoria guztietan ari da lanean, baita profesionaletan ere, saskibaloiaren praktika sustatzeko eta saskibaloi ez profesionalean erreferente izateko.
Azkenik, Ser irratiaren parte den Radio San Sebastian irratiak 1925eko urrian abiatu zuen bere ibilbidea, eta, beraz, 2025ean mendeurrenarena ospatuko du. Hiriko lehen irratia izan da, eta haren lehen emisore ekipoa, hiru kW-eko potentzia zuen Western Electric Company estazio zaharra, Igeldo mendian instalatu zuten. Emisoraren antena Donostiako badiaren estanparen zati izan da ordutik.