Antiguatik Euskal Herrira: Mari Domingi
«Olentzero joan zaigu, mendira lanera... intentzioarekin, ikatz egitera...». Non geratu ote da ba, Mari Domingi? Gona gorridunaren nondik norakoak kontatu dizkigute Antiguako Bagera Elkarteko hainbat kide ohik. Pertsonaiaren sorreraz, lehenengo urteetako anekdotez eta auzoan izan zuen ongietorriaz hitz egin digute.
Egun euskaldun guztiok ezagutzen dugun Mari Domingi pertsonaiaren sorrera Antiguako Bagera Elkarteari dagokio. Auzoan euskararen erabilera sustatzeko asmoarekin sortu zen taldeak hainbat ekimen egin zituen 1990eko hamarkadan: Egunkaria-ren aldeko krosa, San Joan bezperako lore sortaren eskaintza, Merkataritzan Euskaraz kanpaina, eta abar.
1993. urtera arte, haurrek Olentzerorekin ez beste amets zezaketen. Mari Domingi pertsonaia sortzearen ideia orduantxe sortu zen, bestelako ekimen batzuk inspirazio iturri izan ondoren. Antiguako Bagera Elkarteko garaiko kideek kontatu digutenez, «Lasarten Takolo, Pirrutx eta Porrotx pailazoek eskolaz eskola egiten zuten ekimen bat kopiatu» nahi izan zuten. Izan ere, pailazoek Xixuko izeneko panpina erraldoia ikastetxez ikastetxe ibili zuten, haurrak euskara erabiltzera bultzatzeko, eta, bide batez, Olentzerorentzako eskutitzak banatzeko.
Horrela, abesti zahar batean agertzen zen Mari Domingi izeneko pertsonaia erabili zuten Bagerako kideek panpinaren ordezko gisa. Jarraian, eskoletan txikienei kontatzeko ipuin bat asmatu zuten, eta Edorta Murua artisauari egokitu zitzaion ipuinarentzako irudiak sortzea. Lehen aldiz pertsonaia ikusi zutenean, Erdi Aroko burukoarekin, egia esan, «denei» gustatu zitzaiela baieztatu dute Bagerakoek.
Bost urtez, Miren Mendizabalek eta haren senar Antxon Martiarenak antzeztu zituzten Mari Domingi eta Olentzero
Pertsonaia sortuta, eta ideia argi: auzoko haurren artean euskararen erabilera bultzatzea. Gona gorria eta buruko luzea janzteko prest egongo zen pertsona besterik ez zen falta. Eta, hara non, Miren Mendizabal Bagerako kideari proposamena egin eta «berehala eman zuen baietza». Pertsona oso egokia iruditu zitzaien, adinekoa izateaz gain, goxoa ere bazelako. Hala, 1993ko abenduan bertan ikastetxe eta haur eskolak bisitatu zituen Mari Domingik, eta orduan Bentaberriko plazan zegoen kioskoan jarri zen, Olentzerorekin batera, haurren eskutitzak jasotzeko.
Urtebete soilik pasatu behar izan zen ideia hura ikastetxeetatik kanpo eramateko: kabalkada antolatzea pentsatu zuten. Errege Magoen kabalkada egiteak haur eta familia asko erakartzen zituela ikusirik, euskararekin lotura zuten pertsonaiekin antzerakoa egitea otu zitzaien; izan ere, elkartekoek gaztelaniarekin erlazionatzen zituzten Errege Magoak, Olentzero ez bezala.
Hala, auzoko hainbat talde eta elkarte batu ziren ekimena aurrera ateratzeko: Auskalo gazte taldea, Antiguotarra eta helduen dantza taldeak, parrokiako abesbatza, Antiguako txistulari taldea, Igeldoko trikitilariak, Hernaniko dultzaineroak, txaranga… eta, noski, Antiguako Bagera Elkartea. Kabalkadak aukera eman zien «talde ezberdinek batera lan egiteko», eta jendartearen kohesiorako «garrantzitsutzat» definitu dute ekimena.
1994tik 1998ra, bost urtez, Miren Mendizabalek eta haren senar Antxon Martiarenak antzeztu zituzten Mari Domingi eta Olentzero. «Bikote ederra osatu zuten, eta biek ilusio handiz egiten zuten lan», gehitu dute elkartekideek, «Antiguako auzoarengatik eta euskararengatik».
Lehenengo urteetan alanbrearekin eta ohialarekin egiten zuten Mari Domingiren burukoa, eta Mendizabalek lan ederra edukitzen zuen buruan ondo ipinita eramateko, batik bat, haurrengana makurtu behar izaten zenean.
Euskal Herriko herri askotara zabaldu zen, Urtxintxa proiektuan txertatu zutenean Mari Domingiren proposamena
Dinamika polita sortzeaz gain, gaur egun auzoan bizirik mantentzen den ohitura da abenduaren 23koa: Pio Barojako basotxotik jaisten dira dantzariak, musikariak, animaliak eta auzoko gazteak, Antiguako erdigunean barrena.
Baina, auzo txikian sortu zen pertsonaia hori ez zen auzoan isolatuta geratu, ezta gutxiago ere! «Inolako mementoan ez genuen imajinatu pertsonaiak Antiguako auzotik at halako proiekziorik izango zuenik», aitortu dute. Antiguan sortu ondoren, besteak beste, Goizueta eta Agurain herrietaraino iritsi zen Mari Domingi, pertsonaiaren sortzaileen lankide, lagun eta senideak zirela medio. Euskal Herriko herri askotara zabaldu zen, ordea, elkarteko lagun batek Ikastoletako Urtxintxa proiektuan txertatu zuenean Mari Domingiren proposamena.
Pertsonaia bakarra, hamaika interpretazio
– Olentzeroren bikotekidea da Mari Domingi!
– Bikotekidea ez, laguna da, eta laguntzaile lanak egiten ditu!
Euskararen erabilera sustatzeko sortu izanagatik, Mari Domingi pertsonaiaren gaineko hamaika teoria eta eztabaida sortu dira azken hiru hamarkadetan. Emakumezkoaren rola eta Olentzerorekiko duen harremana zein den izan dira eztabaida horietako askoren hizpide: bikotekidea den, anai-arrebak diren, bizilaguna edo laguntzailea den…
Mari Domingi eta Olentzero deskribatuak izan dira, besteak beste, heteroaraua bete-betean islatzen duen familia gisa. Emakumezko pertsonaia sortzeko beharrik ez zegoela aldarrikatzen duenik ere badago, baita haren janzkerak kritikatu dituenik ere. Anbotoko Marirekin parekatu zuten Katxiporretakoek Mari Domingi-n (halaxe du izena abestiak), 2018an argitaratutako Musua izeneko diskoan.
Halako bilakaerarik izango ote du Mari Domingik? Bere irudia eraldatu egingo da, euskal gizartea eraldatzen den heinean
Antiguako kideei aberasgarriak iruditzen zaizkie eztabaida horietako batzuk, euskal gizartean egunerokoan pil-pilean dauden ika-mikak baitira. Aldi berean, absurdutzat ere badituzte beste hainbeste eztabaida.
Interpretazio ugari egin dira eta asko izaten jarraituko dute. Urrutira joan beharrik ez dago: Olentzero, hasiera batean, euskal mitologiako eta folkloreko pertsonaia bazen ere, 1970eko eta 1980ko hamarkadetan haren ohitura eta eginbeharren «berrinterpretazio sakona» egin zen. Izan ere, ikazkina Errege Magoen zereginak edukitzera igaro zen, hots, haurrei opariak ematera, betiere, euskal identitatearen pertsonaia moduan berreraikita.
Halako bilakaerarik izango ote du Mari Domingik? Bada, haien aburuz, Mari Domingiren irudia eraldatu egingo da, euskal gizartea eraldatzen den heinean. «Mari Domingiren interpretazioa ere ziur aldatzen joango dela, baina, biek euskal identitatearen ikurrak izaten jarraituko dutela iruditzen zaigu», diote elkarrizketatuek.