Dena prest San Silvestrerako, eta azken 500 dortsalak salgai
Urtezahar egunean, ohiko legez, San Silvestre lasterketa herrikoiak beteko ditu Donostiako kaleak, 39. urtez. Duela egun batzuk itxi zituzten izen emateak, 5.000 dortsaletara heldu baitziren, baina antolatzaileek ostiral goizeko aurkezpenean azaldu dutenez, beste 500 dortsal jarriko dituzte salgai.
Ireki dago jada 500 dortsal horiek erosteko aukera, lasterketaren webgunean; hilaren 28ra arte 13 euroko prezioa izango dute, eta 18 eurokoa 29tik 31ko 13:00ak arte. Dortsalak hilaren 30ean jaso beharko dituzte parte hartzaileek, Amarako frontoian, 10:00etatik 20:00etara. Halaber, lasterketaren egunean, frontoian bertan jasoko dute korrikalarien arropa, 12:00etatik aurrera. Ondoren, 14:00etan abiatuko da lasterketa, Easo plazatik, eta Erdialdeko, Antiguako, Parte Zaharreko eta Groseko kaleetan barrena ibiliko dira korrikalariak, Easo plazan amaitzeko.
Sari banaketa han bertan egingo dute, kioskoan. Sari hauek emango dituzte: lehenengo saria, txapela, Gabonetako detaile bat eta Super Amaran gastatzeko 400 euroko bonua; bigarrena, Gabonetako detaile bat eta Super Amaran gastatzeko 250 euroko bonu bat; hirugarrena, Gabonetako detaile bat eta Super Amaran gastatzeko 150 euroko bonu bat; laugarrena, Super Amaran gastatzeko 100 euroko bonu bat eta, bosgarrena, Super Amaran gastatzeko 50 euroko bonu bat. Mozorrotuta parte hartzen duten guztien artean, bestalde, Gabonetako saski bat zozkatuko dute.
San Silvestre Txikia
Laugarrenez, San Silvestre Txikia egingo dute hilaren 28an, 15 urtetik beherako haur eta gaztetxoentzat, hainbat kategoriatan banatuta. 14:30ean banatuko dituzte dortsalak, Arroka plazan, eta 16:00etan abiatuko dira, Autonomia kaletik. Asfaltoan egingo dute korrika, Autonomia, Pedro Egaña eta Easo kaleen artean.
3 euroko prezioa dute izen emateek, eta lasterketa solidarioa denez haurrena, Algaraklown elkartearentzat izango da dirua. 600 dortsal jarri dituzte salgai, eta denei kamiseta emango diete, baita lasterketaren egunean janztera animatu ere. Kasu honetan, ez dute saririk banatuko, probaren xedea elkartasuna delako, ez lehiakortasuna.