«Garrantzitsua da Groseko euskal komunitatea indartu eta ikusgarri egitea»
Groseko jai batzordeko kidea da Kai Kerexeta (Gros, 1995). Aurten ere, San Tomas egunerako hainbat egitasmo prestatu dituzte, «egun garrantzitsua» baita auzoko euskal komunitatearentzako.
Zer suposatzen du San Tomas eguneko ospakizunak Groseko auzoarentzat? Tradizioa al da nagusi, edo sozializatzeko aitzakia ere bada?
Groseko komunitatea arriskuan dagoen taldea da, etxebizitzen prezioengatik, euskararen kontrako erasoengatik eta beste hamaika faktorerengatik. San Tomas eguna, beraz, puntu horretatik hasten gara antolatzen. Tradizioak eta sozializatzeak ez dute zertan kontra egon. Tradizioa hutsean jarraitzea ez dago ondo, baina tradizioan ere badira gure komunitatea gorpuzten duten sinbolo batzuk, izan gure betiko jantziak, izan gure betiko dantzak... Guretzako oso garrantzitsua da Groseko euskal komunitatea indartu eta ikusgarri egitea, eta, San Tomas eguna, auzoko beste jai batzuekin batera, komunitatea kalera ateratzen den eta indartu egiten den egun horietako bat da. Auzoarentzako egun garrantzitsua da horrexegatik.
Zein ekitaldi antolatu dituzue?
Bilera ireki bat egin genuen auzotarrentzat, egitaraua guztion artean osatzeko. Urtero egiten denaren antzekoa izango da eguna, eta goizeko hamarretatik gaueko bederatziak arte iraungo du. Pintxo lehiaketatik hasita, denetik izango dugu: dantza emanaldiak, trikipoteoa, herri kirolak, erraldoiak eta buruhandiak, baita dantza saio parte hartzailea ere. Musikari dagokionez, Mikeltxi DJ-a, Andoni Oilokiegi, Kuxkuxtu txaranga eta Laket erromeria taldea ere izango ditugu.
«Mikeltxi DJ-a, Andoni Oilokiegi, Kuxkuxtu txaranga eta Laket erromeria taldea izango ditugu»
Ba al dago nabarmenduko zenukeen jarduerarik?
Herri kirolen artean, trontza lehiaketa nabarmenduko nuke, hori baita aurtengo berezitasunetako bat. Erabilgarria izango dela uste dut, orain arte egin ditugun herri kirolak indartzeko. Kuxkuxtu txarangak ere ilusio berezia egiten digu, jai batzordekooi behintzat. Groseko jaietan auzora etorri izan dira azken urteotan, oso esperientzia polita izan da, eta ilusioa egiten digu San Tomas egunean ere parte hartzeak.
San Tomas eguna nahiko antzera ospatzen da leku gehienetan. Zein esango zenuke dela Grosen bereizgarria?
Nik ez dakit zein puntutaraino izan daitekeen bereizgarria, baina guk auzoarentzako egun berezia izatea nahi dugu, hau da, auzotarrek goxo eta atsegina izango duten espazio bat sortzea. Nik uste dut hori dela desberdintasuna.
Jaia auzotar boluntarioek antolatzen duzue? Nola laguntzen dute auzoko merkatariek, tabernek eta bestelako kolektiboek?
Jaia auzotarrok antolatzen dugu eta guztiz modu boluntarioan, hori argi eta garbi. Jai batzordeak, gainera, helburu hori du: auzoan jende asko gara, eta auzotarrek haien jaien antolaketan parte hartzea nahi dugu. Horregatik saiatzen gara, bilera irekien bitartez, antolakuntzan esku hartu nahi duen orok lekua izan dezan. Azken finean, edozein modutan dela ere, auzotarren parte hartzea sustatu nahi dugu, dena ez baita antolaketan aritzea, pintxo bat jatera jaistea edo dantza egitera animatzea ere bada parte hartzea.
Auzoko eragileak egitarauan txertatzea ere bada gure helburua. Aurten, esaterako, Zuhaizti eskolako haurrek dantza emanaldia antolatuko dute, eta Zurriola Ikastolakoen esku egongo dira herri kirol parte hartzaileak. Auzoko beste eragile askok ere parte hartzen dute, besteak beste: Ubarroiak kofradiak, Groseko Jai Batzordeak, Saretxe Groseko Etxebizitza Sindikatuak, Presoak Kalera Grosek, Marruma elkarteak, Garagunek… Auzokoek ez ezik, Donostiako hainbat kirol taldek ere esku hartzen dute, baita inauterietako hainbat konpartsek ere. Gainera, auzokoak diren merkatariek eta tabernariek dirua jartzen dute borondatez, San Tomas eguneko gastuak gainditzen laguntzeko, eta hori guretzako oso garrantzitsua da.
Zer egiten da jai egunean belaunaldi ezberdinen parte hartzea sustatzeko?
Sortzen dugun egitarauko jardueretan, saiatzen gara ahalik eta abaniko handiena irekitzen. Haurrentzako, adibidez, Mikeltxi DJ-a, herri kirolak eta dantza emanaldiak egongo dira, eta, aldi berean, jarduera horiekin familia asko gerturatzen dira. Pertsona helduagoentzako kontzertu eta ikuskizunak egongo lirateke. Agian ez dira korrika arituko herri kiroletan, baina seguru gerturatuko direla, eta hori ere bada parte hartzea. Euskal dantzetan ere, gazteagoek azkarrago eta helduagoek motelago dantzatu arren, bada adin belaunaldi zabalarentzako irekitzen den gunea. Segur aski, beti edukiko ditugu gauzak hobetzeko eta gaian sakontzen jarraitu nahi dugu.
«Auzotarrontzako bizitoki izatetik, merkatuan saltzen ari den auzo bat izatera pasatzen ari da Gros»
Zein erronka dituzue San Tomas eguna antolatzerako orduan? Eta etorkizunera begira?
Aipatu dudan moduan, arriskuan dagoen komunitatea da gure auzokoa. Euskararen kontrako erasoak, etxebizitzaren prezioen gorakadak, turistifikazioak… eragin handia dute hemen. Auzotarrontzako bizitoki izatetik, merkatuan saltzen ari den auzo bat izatera pasatzen ari da Gros. Jendea kanpora joan behar izaten ari da bizitzera, eta euskararen erabilera mugatzen digute. Gure txokoak gero eta murritzagoak dira, eta gero eta gehiago dira turistei bideratutakoak. Errealitate horren aurrean, guretzat, oso garrantzitsua da auzoko komunitate hori indartu, kalera atera, ikusgarri izan eta berriro ere indarra hartzea. Nik uste dut hori dela erronkarik nagusiena, eta, urtez urte, dauzkagun indarren arabera, horretan sakontzea.